Eduki publikatzailea

Pasaia Kirol Badia Kluba. 2020-2021 ikasturteko informazioa

Izen-ematea zabalik dago

Kaixo, familia:

Baduzu gogorik lehiarik gabeko kirol jarduerak egiteko edo askotariko kirol abenturak diseinatu eta gauzatzeko edo ondo pasatzeko eta sasoian egoteko? Talde honetan aukera izango duzu.

Pasaiako Udalaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Sailak bigarren urtez DBHko ikasleentzat lehiaketarik gabeko eskaintza bat jarriko du abian. 

PKB kluba sortu berri dugu horretarako, eta zuengana jotzen dugu egitasmo honen berri emateko.

Aurreko ikasturtean bezala, ahalik eta egitarau zabalena prestatuko da, eta horretarako, udalerriko baliabide guztiak erabiliko dira (publikoak, pribatuak, etab.), jarduera fisikoa eta kirola sustatzen duten herriko eragileekin elkarlanean.

Iaz programa honetan parte har zezaketen Pasaiako ikastetxeetan matrikulatutako DBH 1 eta 2ko ikasle guztiek edo udalerrian ikasi ez arren, bertan erroldatutakoek. 2020-2021 ikasturteari begira, DBHko ikasle guztientzat zabaldu da eskaintza, eta taldeak irailaren amaieran osatuko dira, izen-emateen arabera.

Talde bakoitzeko parte-hartzaileekin diseinatuko da ikasturteko programa eta haiekin elkarlanean jarduerak antolatuko dira.

Zerrenda itxi bat ez bada ere, jarduera hauek guztiak egin litezke, kronograma eta sekuentziazio jakin batzuen arabera, taldeak eta adinak kontuan izanik:

Eskalada, rokodromoa, orienting jarduerak, mendi ibilaldiak, BTT,  bizikleta tailerrak eta bidegorrian irteerak, pump track, skate-scooter edo bestelako irristaketa jarduerak, hockeya, futbola, arrauna, piragua,  pilota-pala, parkurra, kirol-instalazioa ezagutu eta frogatu, bela, eskubaloia, entrenamendu funtzionala, gymcana-Crossfit, mahai-tenisa, akroyoga-yoga, elikadura, eskrima, judoa edo ukipenezko jarduerak,  junir-ciclo, boleia, running-trail, erritmo eta dantza jarduerak, elkarteak ezagutu, ergometro txapelketa, lehen sorospenak, autodefentsa, kirol argazkilaritza eta dronak, arrantza eta ontziola…

Ikasturte amaieran FinisherRaid izeneko jardunaldia dinamizatuko da, eta hori izango da ikastaroaren amaiera.
Azken finean, kiroletan oinarritutako askotariko abentura-planak antolatzea da helburua, elkarrekin aniztasunean dibertitzeko.

Informazioa erantsita doan orrian ez ezik, www.pasaia.eus web gunean ere eskura izango duzue. Irailaren hasieran Pasaiako eskoletan aurkezpenak egingo dira eta familientzako irekiko da kanal informatibo bat zalantzak, galderak eta bestelakoak kudeatzeko.

Osatzen diren taldeekin programatzen diren jardueretan zorrotz aplikatuko dira COVID19aren ondorioz agintari eskudunek ezarritako neurriak, jarraibideak edota bestelako gomendioak. Horiek egokituko dira kasuan kasu aplikagarriak diren neurriak aldatzen diren bakoitzean, beti ere jarduerak ahal den heinean modu seguruan egingarriak izateko.

Taldea osatzeko prest al zaude? Izen-ematea irekita dago dagoeneko.

INOFORMAZIO GEHIAGO