Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/11/12
Abenduaren 27an Bilbon egingo den Pizkundea ekitaldira joateko dei egin eta autobusak antolatu ditu Bokalek
Batuz Aldatu dinamikaren ildotik proposatutako euskararen gaineko Itun Soziopolitiko berrira ere atxiki da Bokale

Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak, Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera, agerraldia antolatu du Pasai Antxon, euskara larrialdi linguistiko egoeran dagoela adierazteko, baina era berean itxaropen mezu bat zabaltzeko.
Patxi Martin Kontseiluko ordezkariak gaur egungo egoeraren xehetasunak eman ditu “Euskara larrialdi egoeran dagoela ulertzeko VII. Inkesta Soziolinguistikoan jasotako datu batzuk aipatuko ditugu. Euskal Autonomia Erkidegoko gune euskaldunenetan, adibidez, atzera egiten ari da euskararen erabilera, eta Euskal Herri osoko joera da euskaraz gaztelaniaz baino errazago moldatzen diren hiztunak gero eta gutxiago izatea. Zifretara etorrita, hiztunen % 17,5 baino ez dira egunerokoan euskara erdarak baino gehiago erabiltzen dutenak. Hau da, hizkuntza baten osasunaren adierazgarri behinena den erabilera soziala ahula da, eta hizkuntza praktikak orokortasunean hartuz, are eta gehiago ahultzeko joeran da. Indarrean diren joera soziolinguistikoak eta egiturazko arazoak itzulikatzeko neurri egokiak epe laburrean hartu ezean, atzeraldia etorriko da. Hizkuntz politikan jauzi bat egin ezean, bizigarritasun soziala irabazi ordez galtzen hasteko bidean gara. Etorkizuna dago jokoan”.
Larritzeko osagai guztiak izan arren, itxaropen mezu bat ere zabaldu nahi izan dute. Hala, Diana de Castrok, Bokaleko ordezkari gisa, batzordearen konpromisoa berretsi du: “larrialdi hori indarraldi bihurtzen ahaleginduko gara, eta Batuz Aldatu dinamikaren ildotik proposatutako euskararen gaineko Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza geure ere egiten dugu. Eskaintza horrek adostasun sozial zabalez euskarari etorkizuna emango dion hizkuntza-politika baterako oinarriak proposatzen ditu. Oso laburbilduta, honako hauek dira dokumentuaren oinarriak: batetik, ezagutza orokortzea, hau da, herritar orok euskara ezagutuko duen ortzi-muga bat ezartzea; eta, bestetik, normal erabiltzeko baldintzak eratzea. Paradigma aldaketa bat, besteak beste, estatusaren auziari ere sendo helduko diona. Bokaleko kideok oinarri horiekin bat egiteaz gain, geure egiten ditugu dokumentu horretan jasotako konpromisoak: dokumentuaren edukia gizarteratzea, proposamenak geure egitea, eta elkarrizketan eta elkarlanean jarraitzea”.
Bokaleren hurrengo urratsak ere aipatu ditu Dianak: “Pasaian herritarren aktibazioan lanean ari gara, herritarrak saretzea izango da helburua herrigintzatik euskararen biziberritzean eragile aktibo izan daitezen. Testuinguru horretan Euskararen Egunaren bueltan herritar aktiboak saretu, ahaldundu eta trinkotzeko saioak antolatuko ditugu. Izan ere, euskarak eta euskal hiztun komunitateak izan ditu lehenago ere larrialdi gorriko uneak, behin betiko itzaltzeko arrisku momentuak. Eta euskaltzaleen eskutik etorri da aldi bakoitzean Pizkundea. Euskaltzaleon bulkada, erabaki eta ekimenetatik. Eta, batik bat, euskaltzaleok une kritikoetan elkarrekin aritzeko eta egiteko izan dugun gaitasunetik”.
Pizkundea, abenduaren 27an
Gaur zabaldu duten itxaropen mezuaren parte da Kontseiluak egin duen gonbidapena: datorren abenduaren 27an Bilbao Arena –Miribillako kirolgunea– euskaltzaletasunaren bilgune handi bihurtzeko nahia. “Etorkizuna jokoan den honetan ezinbestekoa da guztiok dagokigun erantzukizuna geure egitea, euskararen normalizazio eta biziberritzearen aldeko indar berri bat sortzea. Ekitaldia 17:00etan hasiko da Miribillako kirolgunean, eta sarrerak eskuragarri daude www.pizkundea.eus webgunean” adierazi du Martinek.
Autobusak Pasaiatik Bilbora
Pasaiatarrei ere euskaltzaletasunaren bilgune handi horretara joateko deia egin diete agerraldian, eta bertara iristen laguntzeko autobusak antolatuko ditu Bokalek. Pasaiatik zuzenean Miribillara joan nahi izanez gero, www.pasaia.eus webgunean eta Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeko sare sozialetan aurki daiteke autobusean izena emateko aukera. Autobusak geldialdiak izango ditu Pasaiako lau barrutietan. Pasai Donibaneko Meipiko geralekutik 14:50ean aterako da eta ondoren geldialdi hauek egingo ditu: Pasai Antxoko Ibaiondon 15:00etan, Pasai San Pedroko geralekuan 15:10ean eta Trintxerpeko postetxe pareko geralekuan 15:15ean. Adinez nagusiek 10 euro ordaindu beharko dute, eta jubilatuek, langabetuek, haurrek eta gazteek 5 euro.
“Euskaltzaleon komunitate sentimendua sendotu eta arnas kolektibo bat izango da, Pizkunde berri baten premia irudikatzeko momentu sinboliko bezain garrantzitsua. Hori dela eta, abenduaren 27an bil gaitezen eta piztu dezagun euskaltzaletasuna. Etorkizuna dago jokoan, euskaltzaleon garaia da!” amaitu du Bokaleko ordezkariak.







