Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/04/23

Pasaitarren parte-hartze zabalarekin amaitu da 2026ko Bakailao Pintxoen Txapelketa

Lehen aldiz, Laurak Bat Pintxo Ibilbidea antolatu da aurten Pasaian eta Miranda taberna izan da txapeldun

Donostiako Oquendo jatetxearen Creme de la Creme pintxoak irabazi du Gipuzkoako XII. Bakailao Pintxoen Txapelketa. Saria atzo, apirilak 21, jaso zuen honako hauen eskutik: Laura Ré Pasaiako Udaleko Kulturako zinegotzia; Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatua; Jakes Aguirrezabal Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburuordea; eta Galder Agudo Aurki elkartearen ordezkaria.

“Pintxoa bakailao-parmentier bat da (patata-krema, pilpila eta bakailao-zukua), eta tripakien pistoaren eta bakailao kokotxen oinarri pikante samarra du. Goialdean, saltsa berdean gisatutako baba eta ilarrak ditu, eta bakailao-xafla onduak”, zehaztu du Nuezek.

Aurtengo edizioak berrikuntza esanguratsua ekarri du: lehen aldiz, Pasaiako Udalak eta Laurak Bat merkatarien eta ostalarien elkarteak elkarlanean antolatu dute Laurak Bat Pasaiako I. Pintxo Ibilbidea. Lankidetza horrek jauzi kualitatiboa ekarri du herriko dinamizazioan, tokiko ostalaritza sareari ikusgarritasun handiagoa emanez. Laura Ré zinegotziak bereziki azpimarratu du elkarlan horren garrantzia: “Lehen edizioa izanik, parte-hartzea ona izan da eta herritarren erantzuna bikaina: hamarnaka bizilagunek aitzakia berezi bat izan dute tokiko eskaintza gastronomikoa gertuagotik ezagutzeko”.

Ibilbideko epaimahaia, nagusiki, herriko elkarte gastronomikoetako ordezkariek osatu dute. Hona hemen palmaresa: Miranda izan da irabazlea, Laket bigarren eta Mimos hirugarren. Gainontzeko parte-hartzaileak honako hauek izan dira: Busturia, Ziaboga, Ibaiondo, Caserio eta Ulia.

Pasaiako Bakailao Pintxoen I. Laurak Bat ibilbidea