Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/10/09
Puntetako pasealekuko iturrietako kartelen pintaketen harira, ardura eskatu du Udalak
Margotuta agertu dira Donibaneko Puntetako pasealekuko iturrietako kartelak

Azken asteburuotan berriro ere margotuta agertu dira Donibaneko Puntetako pasealekuko iturrietako kartelak, kasu honetan spray horiz. Hiru asteburutan jarraian gertatu dira antzeko egoerak, eta aurretik ere, abuztuaren hasieran, horrelako pintaketak izan ziren.
Udalak gogorarazi nahi du ekintza horiek ez dakartela soilik kalte estetikoa; ondare publikoaren aurkako ekintzak dira, eta, horien ondorioz, herritarren baliabide ekonomikoak xahutzen dira, eta udal langileen lana biderkatzen da.
Margotutako kartel horiek iturrietako uren egoera sanitarioari buruzko oharrak dira, eta, beraz, funtsezkoak dira herritarren osasuna eta segurtasuna bermatzeko. Kartel horien manipulazioak edo pintaketek zuzenean eragin dezakete osasun-arazoetan, eta, horregatik, garrantzitsua da seinale horiek errespetatzea eta egoera egokian mantentzea.
Horren harira, Iraiz Pazos Zerbitzu, Sare eta Mantentze-lanetako zinegotziak kezka adierazi du: «egoera hau behin eta berriz errepikatzen ari denez, herritarrei kolaborazioa eta ardura eskatu nahi dizkiegu, horrelako jokabideak saihesteko eta udal baliabide komunak errespetatzeko».
Azkenik, zinegotziak mezu garbia plazaratu nahi izan du: «gogorarazi nahi dugu horrelako ekintzak zigorgarriak direla, eta beharrezko neurriak hartuko ditugula erantzuleak identifikatzeko eta dagokien ardura eskatzeko».






