Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/05/22

2026ko Pasaia Itsas Festibala maiatzaren 14tik 17ra ospatuko da

‘Roskow’ artistak egin du festibalaren hurrengo ediziorako kartela

Jada eman dute jakitera dozenaka ontzi Pasaiako badian elkar topatzeko hurrengo data: Pasaia Itsas Festibalaren laugarren edizioa 2026ko maiatzaren 14tik 17ra bitartean egingo dute. Aurreko edizioetan bezalaxe, itsas kulturaz, ondarez, musikaz, gastronomiaz, artisautzaz eta dibulgazioz beteko dituzte lau egun.

Pasaia Itsas Festibala euskal kostaldean ospatzen den itsas ekitaldi garrantzitsua da, eta nazioarteko irismena du. Bi urtetik behin, itsas kultur ondareaz gozatzeko parada izaten dute Pasaiara hurbiltzen direnek, eta Euskal Herriko historiaren beste ikuspegi bat eskaintzen du.
Hain zuzen, festibala itsasoari horren lotuta bizi zen euskal itsastarrei egindako omenaldia da. Lau egunetan zehar, Pasaia mundu osoko itsas kulturen topagune bihurtuko da, iraganean izan zenari keinua egiteko. Dozenaka ontzi tradizional elkartuko dira uretan, eta kultur programazio zabala eskainiko da lehorrean geratzen direnentzat. Antolatzaileek adierazi dutenez, egitarau zehatza data hurbildu ahala zehaztuko dute.
Urtebete barru ospatuko den festibalak aurreko edizioetako ereduari jarraituko dio, eta berriz ere erakunde publikoen eta kultur eragile ugariren babesa izango du, edizio bakoitzarekin kopurua handituz joan baita. Era berean, antolatzaileek azpimarratu nahi izan dute orain arte ikusleen, parte hartu duten eskifaien eta itsas ondarea zaintzen aritzen diren elkarteen aldetik harrera ona izan duela festibalak, eta datorren urtean ere bide beretik jarraitzea espero dutela.

Ordezkariek hitza hartu dute

Hainbat erakundetako ordezkariak bildu dira gaur Pasaia Itsas Festibalaren laugarren edizioa aurkezteko. Festibalak Pasaiarentzat, Gipuzkoarentzat eta Euskal Herriarentzat duen garrantzia azpimarratu dute, hurrenez hurren.

Teo Alberro Bilbao Pasaiako alkateak eta Pasaia Itsas Festibalaren presidenteak honakoa nabarmendu du: “Pozgarria da, beste urte batez, hainbeste erakunde eta administrazio publikok Pasaia Itsas Festibalaren aldeko apustua egitea, bat eginda. Datorren urtean, beste behin, askotariko usain, zapore eta doinuz beteko dira gure herriko kaleak Pasaiako ondare material nahiz ez-materiala ospatzeko, eta irrikan gaude 2026ko maiatzean mundu osoko itsas eta kultur eragileak berriro Pasaian hartzeko”.

Xabier Agote Pasaiako Itsas Festibaleko zuzendari eta Albaolako presidenteak hartu du hitza ondoren: “Pasaiaren handitasun historikoa eman nahi dugu ezagutzera, Pasaia izan baitzen, mendeak joan eta mendeak etorri, teknologia ozeanikoaren erdigunea. Gure arbasoen mailako festibal bat lortu nahi dugu”.

Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak hau adierazi du: “Turismo Sailekook hasieratik babestu genuen Pasaia Itsas Festibala, Pasaian eta Euskadin duen eraginagatik. Lehenik eta behin, funtsezko egitasmoa delako gure lurraldeari nazioarteko proiekzioa emateko. Bigarrenik, izugarrizko bultzada ematen diolako Pasaia eta inguruko eskualdeari sozialki eta ekonomikoki, interes turistiko gisa garatzeko. Hirugarrenik, bat datorrelako gure turismo jasangarriko estrategiarekin, desestazionalizazioa eta deszentralizazioa sustatzen dituelako eta, bide batez, turismo fluxuak banatzen ditu lurralde osoan eta askotariko eskaintza egiten du”.

Izaskun Goñi Pasaiako Portu Agintaritzako zuzendariak zera adierazi du: “Atsegin handiz hartzen dugu jaialdi hau eta eskerrak ematen dizkiogu Albaolari, antolatzeak eskatzen duen ahalegin handiagatik. Erabat identifikatuta sentitzen gara ekitaldiarekin, bereziki, Pasaiako portuak historikoki nazioarteko itsas jardueran izan duen papera balioesten duelako”.

Maria José Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura zuzendari nagusiak ondorengoa nabarmendu du: “Pasaiako Itsas Festibala gure itsas ondare bizia ospatzeko eta zabaltzeko aukera paregabea da. Itsas historiak eta tradizioek gure lurraldearen izaeran duten garrantzia azpimarratzen du, eta ekitaldi honek belaunaldi berriei ondare horren balioa ezagutzeko eta bizitzeko aukera eskaintzen die. Kultura Departamentutik uste sendoa dugu ondarea zaindu, partekatu eta transmititu egin behar dela, eta horretarako ezin hobea da Pasaiako Itsas Festibala bezalako espazioak sustatzea».

Azahara Domínguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak zera esaten amaitu du: «Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik jaialdi honek gure turismo-eskaintzan duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, baita goi-denboralditik kanpo eta tradizionalki turismo aldetik hain jendetsuak ez diren lekuetara bisitariak erakartzeko duen gaitasuna ere. Baina ez hori bakarrik: gure itsas nortasunari eta itsasoari lotutako iraganari balioa emanez egiten du. Eta, gainera, erakusleiho ezin hobea da munduari bizi garen ingurune natural pribilegiatua eta gure sentitzeko eta egiteko modua erakusteko. Pasaia Itsas Festibala ez da bakarrik Gipuzkoak mundura duen leiho bat; festibalak erakusten du turismoa jasangarria, errespetuzkoa eta kalitatezkoa izan daitekeela, eta gure ekonomia hobetzen lagun dezakeela”.

Kartela, jai giroan murgiltzeko gonbidapena

Roskow artistak egin du 2026. urteko Pasaia Itsas Festibalaren irudia izango den kartela. Hamarkadak daramatza Donostiako Egia auzotik unibertso artistiko propioa eraikitzen: autoprodukzioari eta sormen-askatasunari estuki lotutako ikuspegia dauka. Bere ilustrazioengatik ezaguna bada ere, beste teknika batzuetan egindako lanagatik ere nabarmentzen da, hala nola grabatuan, serigrafian edo mihise gaineko akrilikoan.
Kartel honetan, Roskowk jaialdiaren zerbitzura jarri du bere espresio bisuala, eta argi eta garbi ezagut daitekeen agertoki bat irudikatu du: Pasaiako badia. Itsasontziek, ekitaldiaren benetako protagonistek, bizia hartzen dute, eta Pasaia Itsas Festibala definitzen duen itsas eta jai giroan murgiltzera gonbidatzen ditu.

“Ilusioa egin dit eta erronka handia izan da aurtengo kartela egitea. Eszena gela baten barrutik planteatzea bururatu zitzaidan, bokalera begira, San Juan ontziaren maketa kanpoko itsasontzien desfilearekin hartu-emanetan jarri nuen. Istorio txiki bat kontatzen ere saiatu naiz: aulki huts bat eta liburuz eta marrazkiz beteriko mahai bat jarri ditut, gelan norbait lanean ari zela aditzera emateko, eta kalera, festara, jaitsi dela erakusteko. Kartelak egiterakoan istorioak iradokitzea gustatzen zait, eta bereziki pozik nago honekin, jaialdiaren ideia eta espiritua benetan ondo islatzen dituela uste dudalako”.

Kartel berria eta festibala sustatzeko bideoa oinarri hartuta, Albaolak Europako hainbat itsas festibaletan aurkeztuko du Pasaia Itsas Festibala, horietara joan diren ontzi tradizionalak erakartzeko helburuarekin. Aldi berean, datozen hilabeteetan, itsas festibalaren antolakuntza lurraldeko kultur eragile anitzekin elkartuko da, laugarren edizioko programa sortzen hasteko.

Festibalari buruzko albiste guztiak www.pasaiaitsasfestibala.org webgunean egongo dira.