Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/04/15
Pasaia Itsas Festibalak ingurumen-inpaktua murrizteko hartutako neurri jasangarriak iragarri ditu
Indartu egin du garraio publikoa erabiltzearen, birziklatzearen, hondakinak kudeatzearen, papera murriztearen edo 0 km-ko zerbitzuak kontratatzearen aldeko apustua

Pasaia Itsas Festibalak, ingurune naturalarekin eta herritarren sentsibilizazioarekin duen konpromisoari erantzunez, maiatzaren 14tik 17ra egingo den festibalaren edizioan hartuko diren jasangarritasun-neurrien berri eman du.
Festibalak aurreko edizioan lehen aldiz lortu zuen Erronka Garbia-Ekitaldi Jasangarria ziurtagiria, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak (IHOBE) ematen duena, festibalak ingurumenean izan zezakeen eragina arintzera bideratutako Jasangarritasun Plan bat ezartzeari esker. Plan horri jarraipena emango zaio laugarren edizio honetan, mugikortasunaren, transakzioen eta hondakinen arloetan neurriak hartuz, hala nola: 0km-ko zerbitzuen kontratazioa, garraio publikoaren erabilera, birziklatzea, hondakinen kudeaketa edo paperaren murrizketa.
Hala erabaki dute festibalaren jasangarritasunaren sustapenean diharduten erakunde eta elkarteen ordezkarien topaketa batean.
Pasaiako alkate eta festibalaren presidente den Teo Alberroren ustez, "jasangarritasuna ez da gehigarri bat, Pasaiako Itsas Festibalaren izaera ulertzeko modu bat baizik". Ildo horretan, azpimarratu duenez, "ezin ditugu bereizi gure kultura-ondarea eta ingurumenaren zaintza, Pasaiarentzat nahi dugun etorkizunaren eta gure ingurune naturalarekiko erantzukizun kolektiboaren parte baitira".
Era berean, bisitariei dei egin die: "Festibalera hurbiltzen direnek goza dezaten nahi dugu, baina badia zain dezaten ere nahi dugu. Horretarako, jakina, erakundeok neurri zehatzen bidez hartu behar dugu lidergoa, baina erronka kolektiboa da. Erakundeok, lankidetzan, garraio publikoa bultzatuko dugu, bizikletentzako aparkalekuak prestatuko ditugu, edalontzi berrerabilgarriak eskainiko ditugu eta hondakinak gaika biltzeko guneak sortuko ditugu. Hemendik, bertakoei eta bisitariei dei egiten diegu konpromiso horrekin bat egin dezaten".
Albaolako presidente eta festibaleko zuzendari Xabier Agotek honako hau azpimarratu du: "Gure festibala hartzen duen ingurune natural sentikorraz jabetu behar dugu, eta kontu handiz ibili. Jendeari dei egiten diot norberak bere aletxoa jar dezan, festibalaren egunetan ingurumen-inpaktua murrizteko. Milaka pertsona pilatuko gara leku txiki batean, eta saihestu egin behar dugu autoz joatea edo zaborra itsasora joatea".
Bestalde, Gloria Vazquez Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Administrazioko Zuzendariak azpimarratu duenez azpimarratu duenez, “Pasaia Itsas Festibala bezalako ekitaldiek erakusten dute posible dela kulturaz eta itsas ondareaz gozatzea, ingurunea errespetatuz, eta jasangarritasuna antolaketa erabaki bakoitzean txertatuz”. Ildo horretan, nabarmendu duenez, “hondakinak murriztea, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua edo tokiko hornitzaileei bultzada ematea ez dira neurri isolatuak, sendotu nahi dugun eredu baten parte baizik”, eta gaineratu duenez, “erronka da, edizioz edizio, gero eta arduratsuagoa den jaialdi baterantz aurrera egitea, erakundea zein herritarrak inplikatuz Pasaiako badia bezalako espazio baliotsu
bat zaintzen”.
Beste jasangarritasun-irizpide batzuk
Lehenengo ediziotik PIF-ek garraio publikoko zerbitzuen edo bizikleten aldeko apustua egin du. Beraz, festibalaren edizio berri honetan, bizikletaz doazenek bakarrik aparkatu ahal izango dute herrian, zehazki Trintxerpeko Gernika plazan jarriko diren bizikleta-aparkalekuetan eta Donibaneko motoen aparkalekuetan.
Aurreko edizioan bezala, jasangarritasun-irizpideak kontuan hartu dira erosketa eta kontratazio arloetan ere. Ildo horretan, hurbileko enpresen zerbitzuak lehenetsi dira, garraioaren CO2 emisioak eta lehengaiak eta material ez-kutsagarriak erabiltzen dituzten zerbitzuak murrizteko. Gainera, paperaren inprimaketa murriztea erabaki da, adibidez, jaialdiko formatu digitaleko programak lehenetsiz. Ingurumen-irizpideak ere kontuan hartzen ari dira lonjaren estalkian jarriko diren artisauak aukeratzerakoan.
Hondakinen kudeaketari dagokionez, jaialdiak defendatzen du «hondakin onena sortzen ez dena dela», eta, aurreko edizioetan bezala, erakundeak ostalaritza-jardueren eskura jarriko ditu edalontzi berrerabilgarriak. Ontzi horiek salgai egongo dira informazio-
guneetan ere, eta, erabili ondoren, haien ondoan jarriko diren bidoietan utzi ahal izango dira. Euro baten truke erosi ahal izango dira, eta horien salmentatik lortzen den dirua Zaporeak elkartera bideratuko da.
Era berean, hondakinen gaikako bilketa sustatzeko kartelak jarriko dira, bai edukiontzietan, bai ostalaritza-establezimenduetan.
Deialdia bisitariei
Jasangarritasunaren aldeko apustuan, Pasaia Itsas Festibalak aurten festibalera hurbiltzen diren pertsonak parte hartzera bultzatu nahi ditu. Horretarako, lau ekintza oso erraz proposatu dizkie, jaialdia jasangarriagoa izan dadin beren aletxoa jar dezaten: garraio publikoa erabiltzea; festibaleko edalontzi berrerabilgarriak erostea; hondakinak gaika sailkatzea; eta badiara zaborrik ez botatzea.
PFI-ek bere Jasangarritasun Plana edizioz edizio zabaltzea aurreikusten du, festibalaren ingurumen-inpaktua murrizten lagunduko duten ekintza eta arlo gehiago sartuz pixkanaka.






