Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/05/14

Harrera instituzionala egin diete Pasaiako ordezkariek PIFeko ohorezko gonbidatuei

Kanada da aurten festibaleko herrialde gonbidatua, eta hainbat kultura eta naziotako ordezkaritza zabala hurbildu da Pasaiara

Teo Alberro Bilbao Pasaiako alkateak, herrian ordezkaritza duten alderdi politikoetako hautetsiek lagunduta, ongietorri instituzionala eman dio gaur Pasaia Itsas Festibalaren (PIF) ohorezko gonbidatu den Kanadako ordezkaritza zabal bati. Herrialdeko kultura eta nazio ezberdinetako ordezkariak bertaratu dira Pasaiara, eta hitza hartu dute ekitaldi instituzionalean.

Kanadako delegazioa hogeita hamarretik gora lagunek osatu dute. Ekitaldian hitza hartu dute, alkatearen eta Xabier Agote PIFaren zuzendariaren ondotik, hurrenez hurren, honako hauek: Philip Earl Kanadako Gobernu Federaleko legebiltzarkidea eta Ternua eta Labradorreko ordezkaria; Jack Penashue Innu nazioaren ordezkaria; Johannes Lampe Nunatsiavut-eko presidentea; eta Yvan Boivin Manawan nazioaren ordezkaria.

Bateko eta besteko ordezkariek egindako hitzartzeetan, herrien aitortzaren, hizkuntzaren, kulturaren eta autodeterminazioaren aldeko aldarrikapenek protagonismo berezia izan dute. Kanadatik etorritako nazio batzuetako hainbat ordezkarik azpimarratu dute euren herrien borrokek eta Euskal Herriaren memoria eta aldarrikapen nazionalek lotura eta paralelismo ugari dituztela.

Horren adibide izan da Manawaneko Atikamekw Kontseiluko Yvan Boivin ordezkariaren hitzartzea. Hark azaldu du nazio indigena gisa nazioartean presentzia eta aitortza lortzea dela euren helburuetako bat, beste herriekin harremanak sendotuz eta euren nortasun kolektiboa, kultura eta jakintza tradizionalak defendatuz. Halaber, belaunaldiz belaunaldi transmititutako itsasoari eta lurraldeari lotutako jakintzak “subiranotasun kulturalaren adierazpen bizia” direla nabarmendu du, eta kultura bera herri baten aitortza politiko eta nazionalerako tresna ere badela aldarrikatu du.

Pasaiako alkate Teo Alberro Bilbaok nabarmendu duenez, “oso esanguratsua da herri eta nazio ezberdinetako ordezkaritza hau Pasaiara etorri izana, eta guretzako benetan garrantzitsua da egunotan partekatuko dugun denbora, elkarren arteko historiak, aldarrikapenak eta bizipenak ezagutzeko aukera izango baitugu. Gure herrietako bakoitza bere hizkuntza, memoria eta nortasuna defendatzeko egiten ari den bideetan, ziur naiz lotura handiak aurkituko ditugula”. Era berean, gaineratu du “aberastasun eta aniztasun handia” izango dela aurten ere festibalean, eta Pasaiak “bere historia eta izaera partekatuko dituela harrotasunez”.

Hitzartzeen ostean, opari trukea egin dute erakundeetako ordezkariek. Pasaiako alkateak, Udalaren izenean, herriko itsas kultura eta ondarearekin lotura berezia duten zenbait oroigarri eman dizkie gonbidatuei. Besteak beste, Pasaiako bateleren txano bana, herriko historiaren eta itsas kulturaren zati garrantzitsu bat irudikatuz. 

Batelerak garai batean Pasaiako badiaren alde batetik bestera pertsonak eta salgaiak arraunean eramaten zituzten emakumeak ziren: emakume aitzindariak, komunitatea lotzen eta herria elkartzen zutenak. Gaur egun ere, bateleren irudia herri nortasunaren, askotan ezkutatua izan den emakumeen ekarpen historikoaren eta itsasoarekin lotutako ondare biziaren sinbolo da Pasaian.

PIF harrera Kanada