Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/04/29
Pasaia Itsas Festibalak laugarren edizioaren egitaraua aurkeztu du
Maiatzaren 14an, Pasaiako badiara iritsiko den itsasontzien desfile handi batekin inauguratuko da festibala

Pasaia itsas kulturaren nazioarteko topagune bihurtuko da berriz ere, Pasaia Itsas Festibalaren edizio berri batekin. Maiatzaren 14tik 17ra bitartean, ontzi tradizionalak, kultura-jarduerak eta publiko guztientzako proposamenak bilduko ditu festibalak. 2026ko programazioak Kanada izango du ohorezko itsas kultura gonbidatu gisa, eta mugarri nabarmen batek markatuko du: San Juan baleontzia uretan bisitatzeko aukera.
Gaur aurkeztu da festibalaren egitaraua Pasai San Pedroko lonjan. Bertan, erakundeetako eta antolaketako ordezkariek berriz ere itsasoa eta lurra kultura- esperientzia bakar batean uztartuko dituen edizio baten eduki nagusiak ezagutarazi dituzte. Aurkezpenean izan dira honako hauek: Teo Alberro, Pasaiako alkate eta Pasaia Itsas Festibaleko presidentea; Xabier Agote, Albaolako lehendakaria; Christopher Berzins, Canadako ordezkaria; Azahara Domínguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatua; Jakes Agirrezabal, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuordea; Isaac Palencia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapeneko eta Gazteriako zuzendaria; Urkiri Salaberria, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendaria; José Ignacio Asensio, Jasangarritasun diputatua; eta Igor Otxoa, Oninarten ordezkaria.
Pasaiako alkateak, Teo Alberrok, ongietorria eman du eta edizio honek tokiko ingurunearekiko eta jasangarritasunarekiko duen konpromisoa azpimarratu du, KM0 filosofiaren bultzada, ingurumen-protokoloen indartzea eta udalerriko eragile ezberdinen arteko lankidetzaren funtsezko rola nabarmenduz, Pasaia-ren nortasun anitz eta parte-hartzailearen isla gisa.
Ondoren, Xabier Agotek, Albaolako presidente eta Pasaia Itsas Festibaleko zuzendariak, hitza hartu du: “Kanada ohorezko gonbidatua izatea ez da kasualitatea, Atlantikoaren bi aldeetan eraikitako historia partekatu baten aitortza baizik. Duela ia 500 urte eraiki zen leku berean, Pasaian bertan, San Juan-a ikusi eta bisitatu ahal izateak bidaia haien benetako dimentsioa eta Kanadako kostaldeekin ezarri zuten lotura ulertzeko aukera ematen du”.
Bestalde, Izaskun Goñik, Pasaiako Portu Agintaritzako Presidenteak zera gaineratu du: "Pasaiako Portu Agintaritzarentzat, festibal hau ekitaldi bat baino askoz gehiago da. Portua herritarrei zabaltzeko eta itsasoari sakonki lotutako gure nortasunari balioa emateko modu bat da. Gizarteari lotutako portua gara, eta jaialdia aukera paregabea da garena partekatzeko ".
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapeneko eta Gazteriako zuzendariak, Isaac Palenciak, jaialdia lurraldearen itsas nortasuna islatzen duen hitzordu gisa balioan jarri du, itsasoarekin duen lotura, lanbide tradizionalak eta memoria kolektiboa azpimarratuz, baita Pasaia kultura eraiki eta transmititzeko indar sinboliko handiko gune gisa ere.
Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendariak, Urkiri Salaberriak, kultura-ondareko proiektuek jasotzen duten babes instituzionalean jarri du arreta, haien izaera originala, jasangarria eta ezagutzan oinarritua azpimarratuz, denboran zehar duten balioaren eta jarraikortasunaren berme gisa.
Espainian Kanadako Enbaxadako kontseilari politikoak, Christopher Berzinsek, itsas ondare partekatuaren inguruan nazioarteko loturak indartzeko, festibala funtsezko gunea dela esan du, eta adierazi duenez, “Pasaia Itsas Festibala 2026 aukera paregabea da lankidetza jarraitu hau indartzeko”.
Bestalde, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek azpimarratu du 2024an, jaialdiaren azken edizioarekin batera, Oarsoaldean bisitari kopurua % 10 hazi zela eta jaialdiaren berezitasuna nabarmendu du: "Pasaia Itsas Festibala hemen bakarrik egin daiteke, itsasotik bizi diren udalerri eta eskualde batetik jaio delako. Hemen ez dugu ikuskizunik inportatzen, ezta dekoraturik sortzen ere, eta hori da Gipuzkoarentzat nahi duguna: nortasun propioa duen helmugaizatea, besteren ereduei jarraitzen ez diena".
José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak azpimarratu duenez, “itsasoa zaintzea lehentasun estrategikoa da Jasangarritasun Departamentuarentzat, ozeanoak ez direlako ekosistemak bakarrik, etorkizuna, ekonomia eta ongizatea ere badirelako”, eta nabarmendu du Pasaia Itsas Festibala “kultur ekitaldi bat baino askoz gehiago dela, gure iragana etorkizunarekin lotzen duen eta gizarte gisa interpelatzen gaituen espazio bat dela”. Ildo horretan, Departamentuak edizio “jasangarriago, hondakin gutxiagorekin, emisio gutxiagorekin eta erantzukizun kolektibo handiagoarekin” duen konpromisoa nabarmendu du, eta herritarrak sentsibilizatzearen eta aktibatzearen garrantzia azpimarratu du, itsasoa babestu nahi badugu, gaur hasi behar dugulako”.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak, Jakes Agirrezabalek, zera esan du: "Pasaiako Itsas Festibala gure egutegiko hitzordu kultural eta turistiko handienetako bat bihurtu da 2026an, gure itsas tradizioaren aberastasunaeta gure itsasertzaren berezitasuna mundura proiektatzeko gai dena. Ekitaldi honek gure iragana ospatzeaz gain, proposamen garaikide erakargarri eta kalitatezkoarekin lotzen du. Jaialdi honi esker, Pasaia erreferente bihurtzen da kulturaren eta turismoaren esparruan, eta, horrez gain, esperientzia paregabe bat bertatik bertara bizitzeko aukera ere bada. Itsasoa, historia eta berrikuntza eskutik helduta dauden ingurune paregabe batean".
Pasaia Itsas Festibalaren laugarren edizioak musika proposamenak, dantza, erakusketak, gastronomia edo lanbide tradizionalen erakustaldiak eskainiko ditu, guztiak ere itsas ondareari eta kulturari lotutako jarduerak, Pasaian gozatu ahal izango direnak. Edizio honetako ardatz nagusietako bat Kanada ohorezko itsas kultura gonbidatu gisa agertzea izango da, eta hari eskainitako programazio espezifiko bat izango du, arreta berezia eskainiz gaur egungo Kanadako lurraldeko herri indigenei.
Horrela, “Atlantikoan zeharreko Topaketak” programak elkarrizketan jarriko ditu euskal tradizioak Kanadako Lehen Nazioetako, inuit komunitateetako eta Atlantikoko kulturetako tradizioekin. Kanadak bere stand propioa izango du San Pedroko lonjaren aurrean, eta bere historiaren berri emango du, bai eta belaunaldiz belaunaldi transmititutako praktiken berri ere; besteak beste, Artikoko bizitzarekin lotura estua duten kayak-ak fabrikatzeko inuit teknikak. Gainera, festibalaren egunetan atikamekw artisauek Albaola Itsas Kultur Faktorian urki azalez egindako kanoaren eraikuntza tradizionala bukatuko dute.
Jarduera horiek historia partekatu bat islatzen dute, XVI. mendeko euskal baleontzien eta komunitate indigenen arteko lehen kontaktuetan oinarritzen dena, eta gaur egun kultura-trukearen, artisautzaren eta itsasoaren ezagutzaren bidez eguneratzen dena. Era berean, 2026ko edizioa une bereziki esanguratsu batek markatuko du; izan ere, San Juan ontzia lehen aldiz bisitatu ahal izango da uretan.
Albaolan eraiki da, Red Bayn (Kanada) egindako ikerketa arkeologikoetan oinarrituta, eta XVI. mendeko baleontzi hori itsas ondarearen berreskurapenaren adierazle handienetako bat da. Baleontzia badian egoteak aukera emango du itsasontzia bere benetako testuinguruan ezagutzeko eta garaiko nabigazio transozeanikoaren esperientziara hurbiltzeko.
Bi erakusketarekin osatu ahal izango da plana: bata Albaola Itsas Kultur Faktorian, euskal baleontziek Ternuako eta Labradorko kostaldeetara egindako espedizioetara eramango gaituena eta San Juanen aurkikuntzaren xehetasunetara hurbilduko gaituena; eta bestea San Pedroko Lonjan, non ontzia eraikitzeko urte hauetako prozesuari buruzko ikus-entzunezko dokumentazioaz gozatu ahal izango den.
Jarduera horiei guztiei esker, beraz, publikoak duela bost mende baino gehiagotik Atlantikoan zehar euskaldunen eta kanadarren artean sortutako harremana deskubritu ahal izango du.
Ontzi bisitagarriak
Pasaia Itsas Festibala datorren maiatzaren 14an hasiko da, Kantauri itsasotik Pasaiako badiara Ulia eta Jaizkibel arteko bokaletik sartuko diren ontzien desfile ikusgarri batekin, maiatzaren 14an, 18:00etan. Festibalaren YouTubeko kanalaren bidez zuzenean jarraitu ahal izango da ekitaldia, edo aurrez aurre.
Zalantzarik gabe, programaren une gogoangarrienetako bat izango da, tamaina, jatorri eta tipologia desberdinetako ontzi tradizionalak bilduko dituen erakustaldia, eta Pasaia itsas ondarearen erakusleiho paregabea bihurtuko du. Gaur arte 120 ontzik baino gehiagok baieztatu dute beren presentzia, baina festibalean inskripzio-eskaerak jasotzen jarraitzen dute.
Ontziteria hori izango da, hain zuzen ere, festibalaren plater nagusia. Festibalean aukera izango da ontzi tradizional horietako batzuk gertutik ezagutzeko eta baita horietako batzuetan nabigatzeko ere. Edizio honetako itsasontzi ikusgarrienen artean daude Étoile du Roy, hiru mastako fragata kortsarioa, edo Recouvrance, XIX. mendeko Frantziako itsas armadako itsasontzi baten erreplika; 47 eta 42 metroko luzera dute, hurrenez hurren. Horiek dira bisitatu ahal izango diren ontzi handienetarikoak. Horiez gain, balio historiko eta kultural handiko beste batzuk ere izango dira, hala nola Grayhound, Evangelina, edo Aita Mari, San Pedroko kaian egongo den Itsas Salbamendu Humanitarioko itsasontzia.
Kontzertu nabarmenak eta jai-giroa
Itsas programazioa lurreko egitarau zabal batekin osatuko da. Egitarau horrek askotariko jarduerak hartzen ditu barne: bisitak itsasontzietara, lanbide tradizionalen erakustaldiak, musika, dantza, antzerkia, gastronomia edo erakusketa. Hala azaldu du Igor Otxoa Oninarteko ordezkariak.
Musika izango da festibalaren erakargarri handienetako bat, eta kontzertuak badiako hainbat gunetan banatuko dira. Edizio honetan izen hauek nabarmentzen dira: Pedro Pastor kantautorea, eduki sozial handiko proposamena duena; Bele, Lide Hernando abeslari donostiarraren bakarkako proiektua, haurtzarotik maite izan duen musika afroamerikarrera itzuli nahi izan duena. Biek maiatzaren 14ean, osteguna, jardungo dute.
Bere herrialdeko musika tradizionaletik abiatuta, Nakany Kante artista ginearrak estiloak fusionatzeko zuzeneko bat eskainiko du larunbatean, maiatzak 16. Bestalde, Eskorzo granadar taldea eta Amparanoia Amparo Sánchez madrildarra buru duen banda egun horretan bertan batuko dira festara, gozatzera gonbidatzen duen musika-fusiorako proposamen batekin.
Horiez gain, festibalaren egunetan etengabe izango dira bestelako musika-ekitaldiak, kale-animazioa eta jai-giroa nonahi. Pasaia Itsas Festibalak tokiko hainbat eragileren parte-hartzea izango du, hala nola trikitilariena, bertsolariena, abesbatza eta dantza-taldeetan. Horiek guztiek jai- eta herri-giroa sortzen lagunduko dute.
Era berean, familientzako askotariko programazioa eskainiko du: haurrentzako tailerrak, urpekaritzako bataioak, itsasoari lotutako hezkuntza-proposamenak edo “Akromasta” bezalako esperientzia parte-hartzaileak. Jarduera horrek ausartenei 8 metroko altuerako mastaren gorenera igotzeko gonbita egiten die. Festibalaren webgunean kontsulta daiteke egitarau zehatza, eta sarrerak laster erosi ahal izango dira webgunearen bidez.
Jasangarritasunaren aldeko apustua
Pasaiako Itsas Festibalak jasangarritasunaren aldeko apustua egin du, eta bisitariak gonbidatu ditu festibalaren ingurunea errespetatzera. Horri dagokionez, berriz ere gogorarazi du ekitaldira etortzeko bizikleta edo garraio publikoa hobesten dituela. Beraz, festibalaren edizio berri honetan, bizikletaz doazenek bakarrik aparkatu ahal izango dute herrian, zehazki Trintxerpeko Gernika plazan jarriko diren bizikleta-aparkalekuetan eta Donibaneko motoen aparkalekuetan. Gainera, aparkaleku-eremu bat prestatuko da Ficoban, Pasaiara iristea errazteko.
Komunikabideetarako akreditazioak
Antolatzaileek gogorarazten dute festibalaren berri eman nahi duten komunikabideek akreditazioa eska dezaketela esteka honen bidez: prentsako akreditazioak. Eskaerak egiteko azken eguna maiatzaren 7a da.
Pasaia Itsas Festibalaren laugarren edizioa itsas kulturari eskainitako hitzordu nagusietako bat izango da berriz ere, dibulgazioa, ikuskizuna eta herritarren parte-hartzea uztartzen dituen ekitaldia.
Aukera paregabea pertsonen eta itsasoaren arteko lotura berriz deskubritzeko eta bizirik dagoen ondare bat ospatzeko.






