Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/05/15
Itsas ondarez betetako egunak Pasaian
Abiatu da Pasaia Itsas Festibalaren laugarren edizioa. Lehen nabigazioa haizea eta olatuak probestuz egin dute uretaratu diren marinelek

Euskal Kostaldeko nazioarteko itsas eta kultur jaialdi garrantzitsuena abian da, Pasaian. Datozen lau egunetan ehun ontzi baino gehiago arituko dira nabigatzen Pasaiako badiako uretan. Eguraldia dela eta, hasiera ekitaldia moldatu da: ontziek badia barruan nabigatu dute. Halere, iragarpenaren arabera, eguraldiak hobera egingo du.
Hain zuzen, zurezko ontzien nabigazioa izan da festibala hasteko ekitaldi ikusgarriena. Arratsaldeko seiak pasata, milaka lagunek egurrezko ehun bat ontzi ikusi dituzte badia barrukaldean, bertan aritu baitira bueltaka. Urrunetik etorritako zein hurbileko ontziak bildu dira. Beste zenbaitek Youtubeko streaming bidezko zuzenekotik jarraitu ahal izan dute desfilea. Edonola ere, Pasaiako badia euskal kostaldeko ondare balioa duten ontzien topagunerik handiena bilakatu da.
Itsasoan ikusi ahal izan dira Morgenster belaontzi erraldoia, Notre Dame de Rumengol karga gabarra tradizionala eta Étoile du Roy fragata kortsarioa, besteak beste. Fragataren ondoan arraunean egin dute arraunlariek Juanita Larandon, XVIII. mendeko patatxa kortsarioaren erreplikan.
Lurrean ere izan da ongi etorririk: bertaratutakoek aterkipean ikusi dute Donibanen Pasaiako Batelerek dantzatutako zortzikoa, Alkar Txiki taldekoen dantza, Sastakai txarangaren musika eta Lesakako trikitilarien doinuak.
Egunaren amaieran ere, musikak girotu du arrats euritsua. Giro ederrean jarri du San Pedroko frontoia Pedro Pastor musikariak —eguraldia dela-eta, lekuz aldatu da kontzertua—. Pastorren letra konprometitu eta kritikoak folk eta hip hoparen arteko fusioaz adirazi ditu, eta bertaratutakoak erabat harrapatu ditu. Pastorrek Izaro Andres musikariarekin ‘Ventanas Cerradas’ abestia egin zuen 2022. urtean.
Gauean, Belek tradizio afroamerikarrereko musikaz girotu du San Pedroko frontoia. Bertaratu diren guztiek dantzatu dute Lide Hernandoren ahotsaren erritmora, eta berak sortutako soul, R&B eta dancehall soinuek sortutako musikaz gozatu dute.
Txo Mik Mak Txikia, baleazaleak eta Encontroak
Bihar goizean Porrotx, Txo Mik Mak Txikia eta euskal baleazale bat gaztetxoenekin izango dira San Pedroko udal aretoan. Batera ikasiko dute San Juan baleontzia nora joan zen, zergatik egin den erreplika eta zeinen trebeak ziren itsasoan euskal herritarrak.
Helduagoek uneoro eta zuzenean ikusi ahal izango dute San Juan baleontzirako ezinbestekoak diren piezen sorkuntza, Albaola Itsas Kultur Faktorian: poleak, sokak, edo aingura handiak, besteak beste. San Juanaren eraikuntza prozesua ezagutzeko argazki erakusketa bat ere egongo da San Pedroko lonjan: urte hauetan egindako artisau lana pausoz pauso azaltzen du, eta berreskuratu diren ofizio tradizionalak eta ezagutzaren transmisioaren adierazle da.
Eta Pasaia Itsas Festibalaren testuinguruan, beste itsas festibal bat aurkeztuko da: Galiziako Encontro-ak. Bi urtean behin ospatzen dira 1993tik, eta Culturmar Galiziako Itsas eta Ibai Kulturaren Federazioak antolatzen ditu. Albaolak Encontro-en edizio guztietan hartu du parte 2001etik, eta hori dela eta aurkeztu du Culturmarrek 2027ko edizioa Pasaia Itsas Festibalean. Itsas kultura ezberdinak uztartuz, bakoitzak itsasoaz duen jakintza, lanbideak eta pasioak elkarbanatzen dituzte.
Erritmo bizia emango diote egunari Itsas Zaindari martxak eta Batukada feministak. Ondoren, Donibanen Soinuenean Oiartzunen sortutako soinu tresnen taldea arituko da bueltaka, eta 19:00etan Eingo Erromeriak hartuko die lekukoa.






