Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2021/05/27
Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak suspertzeko plan berezia

Izaskun Gómez, alkatea: "Merkataritzak eta ostalaritzak plan bat behar zuten pasaitarren beharrak ezagutzeko eta haien zerbitzuak hobetzeko. Merkataritzak eta ostalaritzak Pasaia biziarazten dute".
Udalbatzak Pse-ee, EAJ eta Pasaia Podemos-en aldeko botoa eta Ehbildu abstentzioarekin, Pasaiako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuak Suspertzeko Plana onartu du.
Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen sektorean aldaketa sakonak gertatzen ari dira. COVID-19aren pandemiaren inpaktuak azkartu egin du prozesu hori, bai merkaturatzeko moduetan eta bai kontsumo-ohituretan. Hori dela eta, Pasaiako Udalak 2020ko otsailean udalerriko Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuak Suspertzeko Plan bat prestatzeko lan teknikoak abiatu zituen. Plan hori Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sustatu eta babestu du, eta Laurak Bat herriko Merkatarien Elkartearen eta ostalaritza-sektorearen laguntza aktiboa izango du. Planaren helburua da zerbitzuen sektorea indartzea, eta tresna berriak ematea, kontsumitzaileen eskakizun berriei erantzun ahal izateko; horrek guztiak pasaitarren ekonomian, enpleguan eta bizitza-kalitatean eragin dezan.
Pasaiako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuak Suspertzeko Plana diseinatzeko garaian, hainbat partaidetza-ekintza egingo da, herritarrei eta merkataritza eta ostalaritza sektoreari irekiak. Halaber, IKERTALDE aholkularitzaren laguntza teknikoa izango da, ikerketaren lan teknikoak gauzatzeaz arduratuko dena. Prozesu horretan parte-hartzea funtsezkoa izan da Pasaiak arlo horretan dituen eskaeren eta beharren diagnostikoa egiteko. Izaskun Gomez alkateak honako hau adierazi du: "Merkataritzak eta ostalaritzak plan bat behar zuten pasaitarren beharrak ezagutzeko eta haien zerbitzuak hobetzeko. Merkataritzak eta ostalaritzak Pasaia biziarazten dute ".
Lorturiko emaitza eta ondorioak ekintza-lerro zehatzetan gauzatu dira, datozen urteetan sektorearen arlo urbanistiko eta lehiakorrean garatzen joango direnak. Ekintza Plan horrek, azken batean, udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen eskaintza eta gunea hobetzen eta modernizatzen lagunduko du; eta, era berean, erantzun egokiagoa emango die pasaitarren gaur egungo beharrei eta kontsumo-ohiturei.
Gainera, Pasaiako talde politikoek jarduera-ildo horiei bost printzipio erantsi dizkiete, ildo horiek osatzearren: Laurabak indartzea, Merkataritza Biziberritzeko Plan Bereziaren mahai bat sortzea, mugikortasun iraunkorra gogoan izatea, Euskararen eskualdeko mahaiarekin koordinatzea eta tokiko sare ekonomikoari laguntza teknikoa ematea.