Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/06/14

Pasaiako Dantza Festibalaren VII. edizioa oso arrakastatsua izan da

Ia 4.000 ikusle gerturatu dira Antxora.

Eguraldiak lagunduta, Pasaiako Dantza Festibalaren zazpigarren edizioa ekinaren 5etik 8ra egin zen. Kalean antolatutako ekintzek herritarren parte-hartzea handitu eta herriko plazak eta kaleak bizirik mantentzen lagundu zuten.

Ikusle kopuruak, gora

Ikusle kopuruak gora egin du aurtengo Pasaiako Dantza Festibalean. Guztira, 3.900 ikusle inguru izan dira antolatutako ekitaldiez gozatzen. Herriko parte-hartzea izan duten ekintza izan dira  jendetsuenak, tartean Eskolen Erakustaldia, Barra Klasikoa eta Anakrusa Herri Ekimenak aurkeztutako Kalma lana.

Mikel García Peñil Antxoko alkateordearen iritziz:  "Pasaiako Udaletik PDF antolatzeko erraztasunak ematen jarraituko dugu, jaialdi hau gure udalerrirako beharrezkoa eta onuragarria baita. Edizio honetan aurkeztutako lanen maila artistiko handiak, beste urte batez, aire zabaleko ingurune pribilegiatu batean publikoarekin konektatzen jakin du”.

Aitor Brion Kulturako eta Ondareko zinegotziak gaineratu nahi izan duenez, "Anakrusaren Kalma bezalako proposamenek ezin hobeto islatzen dute herriaren mugimenduaren indarra eta belaunaldien arteko lan kolektiboaren balioa, sustrai herrikoi markatuak dituen sorkuntza artistikorako modu bat hurbilduz Antxora”.

Pasaiako Dantza Festibalaren antolatzaileen hitzetan: “herritarren erantzuna ezin hobea izan da, eta guztiak gogotsu eta jakin-minez hurbildu dira ekintzetara. Aurpegi asko errepikatzen ziren emanaldiz emanaldi, egitaraua eskuan zutela eta jaialdiaren dinamikak ezagun zituztela. Adin guztietako pertsonak —adin nagusiak, gazteak eta baita seme-alabez osatutako familiak— gozatu dute emanaldiez egun hauetan. Berriro ere, eskertu digute Pasaian halako jaialdi bat gozatzeko aukera sortzeagatik, eta parte hartzen duten talde eta antolakuntzaren maila ezin hobea goraipatu dute”.

El Bolero lanak skate parkeko harmailetan sortu zuen giro berezia aipatu da. Halaber, Zuberoatik etorritako Maxkaroa lanaren dantzarien kanturako gaitasuna eta proposamenaren kalitatea nabarmendu dituzte.

Gunez gune

•Ibaiondo: Zabalgunea eta Gure Zumardia espazioek, herritarren eguneroko bizitzan murgilduta dauden begietan ikusgarritasuna eman diote jaialdiari, eta jende gehiagora iristea erraztu dute. Horren adibide dira Maitane Sarraldek ostiralean Ibaiondon dantza-esekia eskaintzeko prestatutako estrukturak, eta baita Barra Klasikoa eta Anakrusa Herri Ekimenak sortu zuten interesa ere.

•Skate park: Errepidearen beste aldean, ezkutuago dauden Skate Park eta skate parkekogradak ez ziren oztopo; pasaitarrek ondo ezagutzen duten eszenatoki intimo eta ez-ohikoan antolatutako lanek ikuslez lepo egotera iritsi baitziren. Larunbat arratsaldeko emanaldiek, bereziki, gune horretan orain arte izandako ikusle gehien bildu zuten.

•Luzuriagako parkea: Herri gunetik aldenduen dagoen parkean atondutako gunea, jada ezagun den arren, bertaratzen direnen artean harridura sortzen jarraitzen du. Naturarekin ezin hobeto integratzen den oholtza zuriak ekitaldiez modu berezian gozatzeko aukera ematen du, food truck eta taberna batez lagunduta, esperientzia paregabea sortuz.

Etorkizunerako begirada

VII. edizioaren ostean, 2026ko ekainaren 11tik 14ra ospatuko den VIII. Edizioari begira hasi dira Udala eta PDFko antolatzaileak. Berriro ere, Pasaiako kaleen eraldaketak erronka eta aukera berriak ekarriko ditu, eta, bereziki, Gure Zumardiaren behin betiko berrantolaketak eragin handia izango du.

“Aurten izandako arrakasta ikusita, datorren urteetarako programa mimoz lantzen hasi nahi dugu, eta apurka-apurka ikusle kopuruak gora egin dezan bide egokiak bilatzen jarraituko dugu. Helburua da Pasaiako Dantza Festibala lurraldeko erreferente bihurtzea, eta dantzak gizartea eraldatzeko duen gaitasuna herritar guztien artean zabaltzea” amaitu dute Iurre Aranburu eta Aiert Beobidek, PDFko antolatzaileek.
 

PDF 2025 balorazioa