Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/05/28

Pasaiako Dantza Festibalaren zazpigarren edizioak kaleak biziaraziko ditu berriro

Ekainaren 5etik 8ra, 17 ekitaldi antolatu dira eta agertoki berriak izango dira.

Gorputzek hitz egiten dutenean, kaleak bihotz bihurtzen dira. Mugimenduak, arnasa eta isiltasuna elkartzen direnean, espazio arruntak eszenatoki bilakatzen dira, eta egunerokotasunak bestelako erritmo bat hartzen du. Dantzak bizitza astintzen du.

Pasaiako Dantza Festibalak (PDF) berriz ere biziaraziko ditu Pasaiako kaleak 2025eko ekainaren 5etik 8ra, arte eszenikoaren bidez herriaren bihotzean eraginez. Hainbat konpainiaren emanaldiak herriko espazio publikoetan eskainiko dira, guztiz doan eta guztientzat irekita.

Publiko ororentzat pentsatua dago PDF: adin, zaletasun edo ezagutza maila edozein dela ere, esperientzia irekia eta irisgarria da. Espazio publikoa oinarri hartuta, dantzak ikusle eta parte-hartzaileen arteko mugak lausotzen ditu, eta artea harreman eta elkartasun tresna bihurtzen da.

PDF ez da ikus-entzunezko esperientzia soil bat, gizartearen eraldaketa sustatzen duen festa bat baizik. Hesi edo mugarik gabeko giro berezi batean komunitate guztiari parte hartzeko eta dantza sentitzeko aukera ematen diona.

Pasaiako Udalak eta Haatik dantza konpainiak elkarlanean antolatutako festibalaren aurkezpena Antxoko Ibaiondoko zabalgunean izan da  eta agintari, elkarte eta festibaleko parte-hartzaileak izan dira: Teo Alberro (Pasaiako alkatea), Aitor Brion (Pasaiako Udaleko Kultura eta Ondare zinegotzia), Ana López Asensio (Eusko Jaurlaritza - Kultura eta Sormen Industriak), Isaac Palencia  (Gipuzkoako Foru Aldundia - Kultura eta Gazteria), Iurre Aranburu Tainta eta Aiert Beobide Egaña (Haatik Konpainia - Festibalaren arduradunak), Beñat Raya (Herriarte eskola), Noemi Viana (Anakrusa herri ekimena), Maddi Goikoetxea (Dantzagunea) eta Beatriz Caballero (Pasaiako Udaleko Kulturako teknikaria).

Ekitaldiari Altraste konpainiaren "El Bolero" piezaren lagin batek emango dio hasiera (dantzaria, Zuriñe Benavente).

Aurten ere, konpainia profesionalen, dantza eskolen eta elkarteen parte-hartzeari esker, lau egunetan zehar ospatuko den 17 ekitaldiz osatutako programazioa izango da.

Edizio hau berezi egingo du, besteak beste, Topoaren lurperatze-lanak amaitzear egoteak ahalbidetu duen espazio publikoen berreskurapenak. Zenbait urteren ondoren, Ibaiondo Zabalgunea eta Gure Zumardia berriz ere ekitaldien eszenatoki bihurtuko dira.

Teo Alberro Pasaiako Alkatea

“Urtez urte hazi eta aberasten doa Pasaiako Dantza Festibala, eta aurten, berriro ere, gure kale eta plazak askotariko dantzarien erritmoekin beteko dira. Aurten, gainera, pozarren gaude dantzak espazio garrantzitsu batzuk berreskuratuko dituelako: Ibaiondoko zabalgune osoa eta Gure Zumardia. Zoragarria izango da toki horiek berriro bizitzaz beteta ikustea, hitzik gabe, gorputzekin, adierazten den emozio kolektiboaren bidez.

Aitor Brion Pasaiako Kultur eta Ondare Zinegotzia

“Dantzak badu zerbait berezia: une batez dena gelditzen da, eta gorputzak bihurtzen dira mezulari. Pasaiako Dantza Festibala horren adierazgarri bikaina da: emozioa, diziplina eta adierazpena, kalean eta herritarren artean”

VII. edizioa, nobedadez josia

Lau egun horietan garatuko den programazioa guztiz erakargarria eta askotarikoa da. Aipatzekoa da, alde batetik, Desªanuda lana: lehen aldiz egitura handi bati esker eskegitako dantza ikusteko aukera eskainiko digu ostiralean Maitane Sarralderen eskutik. Bestetik, Zuberoatik datorren formatu handiko Maxkaroa ikuskizuna ere gozagarri izango da larunbat gauean.

Izen handiez gain, sortzaile berriei lekua ematen jarraitzen du PDFk. Bai Gipuzkoako Dantzagunearekin, baita Iruñeko La Faktoria Choreographic Centerrekin dugun elkarlanari esker, Erain konpainiaren Sin Fichero Adjunto eta Clarissa Costagliolaren Un solo día lanak izango dira jaialdian ikusgai.

Bide horrek ematen dituen fruituen adibide argia da Analogica konpainiaren Lo que pasa mientras lana: IV. edizioan sortzaile berri gisa hartu zuen parte, eta aurten berriz izango dugu gurean, orduz geroztik egin duen ibilbidearen eta piezaren heldutasun handiagoaren erakusgarri.

Azkenik, eta nola ez, herritarren parte-hartzea nabarmendu nahi dute antolatzaieek. Aurten ere Alkartasuna Dantza Taldearen eta Iker Murillo Studio 24 eskolaren erakustaldi ederraz gozatu ahal izango dute ikusleek. Eta berritasun bezala Errenteriako Herri Arte Eskolako klake ikasleak ere batuko dira haien emanaldira.

Amaitzeko, Anakrusa taldearen eskutik, ezinbesteko hitzordu bihurtu den Herriko jendearekin osatutako ospakizun eszenikoa. Aurten, Kalma lanarekin hunkituko dute; iragana, memoria eta etorkizunaz hausnartzen duen pieza bereziarekin.

Ikasleentzako ekintzak

Transmisio lanaren garrantziaz ohartuta, dantzak ikastetxeetan presentzia izaten jarrai dezan egiten da lan urtero. Batetik, ikasturtean zehar DBHko 150  ikasle zoragarri izan dira dantzaren aukera amaigabeak deskubritzen. Bestetik, jaialdiaren egunetan, Antxoko Pasaia Lezo Lizeoko eta Anunciata ikastetxeetako ikasleak izango dira Maitane Sarralderen zintzilikatutako dantzak eskaintzen duen emozioa bertatik bertara bizitzen.

Luzuriaga terraza

Aurten berriro Luzuriaga terraza izango da. Bertan, Luzuriaga Parkeko emanaldiez gozatzera hurbiltzen direnek giro paregabean mokadutxo bat jan eta edari batekin freskatzeko aukera izateko leku bikaina aurkituko dute @Fur.goya Foodtruck eta Antxoko Topagunearen eskutik. Informazio gehiagoPDF-ko webgunean.

EGITARAUA

 

PDF 2025 aurkezpena