Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/07/15
3000 ikusletik gora izan ziren Pasaiako Dantza Festibalaren VIII. edizioan
Programazioaren kalitate artistikoa izan zen jaialdiaren indargune nagusia

Pasaiako Dantza Festibalaren VIII. edizioak balorazio oso positiboa izan du. Ekainaren 11tik 14ra bitartean, dantzak Pasaia hartu zuen berriro ere, artistak, profesionalak eta ikusleak espazio berean elkartuz.
Aurten ere programazioaren kalitate artistikoa izan da jaialdiaren indargune nagusietako bat. Lengoaia, formatu eta belaunaldi desberdinetako proposamenek osatutako egitarauak publikoaren harrera bikaina izan du lehen egunetik bertatik.
Edizio honetan antolakuntzatik bereziki nabarmendu nahi izan dute sortutako giroa. Urtez urte sendotzen ari den zerbait baieztatu dute aurten ere: dantzaren inguruan komunitatea eraikitzen dela. Dantzariak eta ez-dantzariak, herritarrak eta bisitariak, profesionalak eta amateurrak espazio berean elkartu dira, elkarrekin gozatzeko, hausnartzeko eta esperientziak partekatzeko.
Era berean, jaialdia herriko kultur bizitzan errotzen ari dela sentitzen dute. Dantza kaleko espazioetan modu naturalean bizitzen duen publikoa sortzen eta fidelizatzen ari dela ikusten da, eta horren adierazgarri dira jaialdia urteroko hitzordu gisa bizi duten haur eta gazteak; haientzat Pasaiako Dantza Festibala betidanik egon den eta galdu nahi ez den ospakizun kulturala da.
Lehen egunetik bertatik publikoaren erantzuna bikaina izan da, eta jaialdiak 3.000 ikusletik gorako asistentzia metatua bildu du. Herriko zein kanpotik etorritako ikusleen parte-hartze handiak erakusten du Pasaiako Dantza Festibala erreferentziazko hitzordu bilakatzen ari dela.
Antolakuntzaren izenean: “Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu artistei, laguntzaileei, babesleei eta, batez ere, publikoari. Zuen parte-hartzerik gabe ezinezkoa litzateke dantzaren inguruan sortzen ari garen komunitate hau eraikitzea”.
“2027ra begira, ilusio berarekin jarraituko dugu, dantzaren bidez komunitatea sortzen, harremanak ehuntzen eta espazio publikoak kulturaz betetzen” amaitu dute.







