Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/05/06
Martxan da II. Mugiment Pausu Erronka!
Pauso gehien eman zituen parte-hartzailea pasaitarra izan zen iaz

Maiatzaren 11tik maiatzaren 31ra bitartean egingo da II. Mugiment Pausu Erronka, Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua (JFOZ) duten EAEko 56 udalerrien arteko lehiaketa birtuala. Helburua argia da: herritarrek egunerokoan ahalik eta pauso gehien ematea, osasun fisiko eta emozionala hobetzeko eta jarduera fisikoaren kultura bultzatzeko.
Kirol arloetako lau herrietako arduradun politikoek aurkeztu dute ekimena Lezon: Edorta Fernández (Oiartzungo kirol zinegotzia), Eneritz Arruti (Lezoko kirol zinegotzia), Leire Mazizior (Errenteriako kirol zinegotzia) eta Julen Rodríguez (Pasaiako kirol zinegotzia). Aurkezpenean adierazi dute aktiboagoak izateko edozein aukera ezin hobea dela eta lau udalok urtean zehar martxan dituzten ekimenei gehitu diete EAE mailan bigarren urtez deitu den erronka hau.
Rodriguezek honako hau adierazi du: “Iazko datuak bikainak izan ziren gure herrian. 60 parte-hartzaile aktibo inguru izan genituen Pasaian eta pauso gehien eman zituen herritarra pasaitarra zen: David Santiso. Aurtengo deialdia ere babesten dugu Pasaian, bizitza aktiboa sustatzeko ekimen berezi eta interesgarria baita”.
Erronka Wellk mugikorreko aplikazioaren bidez garatuko da, eta parte-hartzaile bakoitzak bere udalerriko orientazio zerbitzuarekin bat eginez parte hartuko du. Taldekako eta banakako sailkapenak egongo dira ikusgai denbora errealean, eta hainbat sari banatuko dira parte-hartzaileen artean.
Nola parte hartu?
1. App-a deskargatu: Wellk aplikazioa instalatu Android edo iOS gailuetan.
2. App-an izena eman
3. Talde batera batu: Hasiera orrian "Mugiment Pausu Erronka" >Taldeak> zure udalerria aukeratu.
4. Pausoak erregistratu: zure eguneroko jardueran pausoak automatikoki kontatuko dira. Horretarako, hemen dituzue sinkronizazioak egiteko argibideak: https://wellk.eus/instruccionespausu/
Izen-ematea irekita dago.
Sariak eta sailkapenak
- Banakako sariak: 75 €-ko opari-txartela, pauso gehien eman dituzten emakumearentzat eta gizonarentzat (desgaitasuna duten pertsonentzako kategoria berezia).
- Taldekako sariak: udalerri bakoitzak egindako pausoak/taldeko partaide kopurua. Pauso gehien eman dituzten udalerri horretako 5 pertsonei eta beste 5 sari udalerriko taldekideen artean zozketatzeko.
- Parte-hartzaile gehien dituen udalerriarentzako saria: 30 euroko 5 opari-txartel taldeko parte-hartzaileen artean zozketatzeko.
Informazio gehiago eta laguntza teknikoa
- Emaila: wellk@wellk.eus
- Kontaktua: https://wellk.eus/equipo/#contacto
- Instagram: @wellk_app






