Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2017/05/10
Pasaiaren eta Red Bayren arteko senidetze historikoa
Pasaia eta Red Bay (Labrador, Kanada) elkarrekin senidetuta, biek partekatzen duten itsas historiagatik

Pasaiaren eta Red Bayren (Labrador, Kanada) arteko senidetzeak Atlantikoaren bi aldeetara dauden bi itsas herrien arteko harreman historikoa eta ondare aldetikoa ere formalizatzeko eta aldi berean sendotzeko balio du. Pasaiako Udaleko ordezkariek eta Red Bayko agintari nagusiek hartu dute parte ekitaldian, bi alkateak buru zirela: Izaskun Gómez eta Wanita Stone.
Bi herrietako alkateekin batera, ekitaldian honako hauek hartu dute parte: Elizabeth Yetman, Red Bayko Udaleko ordezkaria, Kirby Ryan, Red Bayko biztanleriaren ordezkaria, Pasaiako Portuko itsas kapitaina den Josu Bilbao eta Xabier Agote, Albaolako burua. Azken honek eman dio hasiera ekitaldiari, parte-hartzaile guztiei ongietorria egin eta eskerrak emanez etortzeagatik.
Ekitaldian hitza hartu duten ordezkariek azpimarratu dutenez, arrazoi ugari daude senidetze hau burutzeko. Pasaia historikoki Kanadako uretara abiatzen ziren euskal baleazaleen portu nagusia izan da, eta Red Bay berriz, Pasaiatik abiaturiko ontzi haien harrera portu nagusia.
Senidetze honek indartu egiten du bi udalerrien arteko lotura historikoa, eta halaber, bi herriek partekatzen duten itsas ondarea, eta etorkizuneko dinamikak bultzatzeko ere balio du.
Kanadako kostaldean aurkitutako euskal ondare honi esker eta hamarkadetan Parcs Canadako gobernu erakundeak egindako ikerketa lanaren ondorioz, 2013. urtean Red Bay Munduko Gizateriaren Ondare izendatu zuen UNESCOk eta Pasaian eraikitako eta Red Bayko uretan hondoratutako San Juan baleontziaren erreplikaren eraikuntza lanek UNESCOren babesletza jaso zuten 2015ean.
Albaola Itsas Kultur Faktorian San Juan baleontziaren ondoan egin den ekitaldia kultur programazioz osatu da, besteak beste, kultur eta ondare ekipamenduetara bisitak egin dira, eta eskualdeko hainbat eragilerekin topaketak burutu dira.
Udalak eskerrak eman nahi dizkie programa hau burutzen lagundu duten guztiei:
Donostiako Aquariuma, Untzi Museoa, Petritegi sagardotegia, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea, Oarsoaldea Garapen Agentzia, Sakanako agentzia, Altsasu, Bakaiku eta Iturmendiko alkateei, Juan Mari Arzak, Mala Gissona, eta bereziki Albaola Elkarteari.