Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2017/09/16
Pasaiako udalaren eta Sarea fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmena, SAREAK SORTUZ izeneko programa martxan jartzeko
Pasaiako Udalak, toki-erakundea izanik, besteak beste, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legea bete beharra dauka, eta zehazki, eskumena du lege horren 7. b) atalean jasotako gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko tresnak sortzeko. Izan ere, artikulu horretan, honakoa jasotzen da hitzez hitz: “Esku hartzeko neurri espezifikoak. Gizarte-babeseko hainbat alorretako programa, zerbitzu edo zentroak izan daitezke, bereziki gizarte-zerbitzuek, enplegu-zerbitzuek...”
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 dekretuan onartzen da toki-erakundeek gizarte- eta hezkuntza-arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzuak garatzeko eskumena eta betebeharra dutela. Zerbitzu horiek dira gizarte- eta hezkuntza-babeseko edo babes psikosozialeko harreman-zerbitzuak, banan-banakoak, familiakoak eta/edo taldekakoak. Eta zerbitzu horien helburuak hauek dira: erabiltzaileek pertsona-, familia- edo talde-gaitasunak jasotzea eta garatzea, horrela beren autonomiari eusteko, beren gizarteratzea ahalbidetzeko, eta familian eta komunitatean euren bizikidetza egokia izan dadin; eta ohitura, jokaera, pertzepzio, sentimendu eta jokabide desegokiak baztertu eta horien ordez egokiagoak barneratzea.
Gizarte Ekintza Sailak gizarteratze-diagnostikoak egiten ditu. Diagnostiko horien ondorioz, parte-hartze akordioak sinatzen dira. Lan-plangintza horietan diagnostikoa egiten zaion pertsonarekin hitzartzen dira haren gizarteratze-prozesuaren lan-helburuak.
Pertsona horietako asko bazterkeria arriskuan edo bazterkeria egoeran daude, eta gizarte- eta osasun-zailtasunak azaltzen dituzte. Gizarteratzeko ibilbidearen ardura udaleko gizarte zerbitzuena da. Dagokion gizarte-langileak haien bazterkeria egoera baloratzen du, Gizarte Bazterkeria Balioesteko Tresna onartzen duen uztailaren 16ko 385/2013ko Dekretuan jasotzen den tresnaren bitartez; eta balorazio horren emaitzen arabera, bigarren mailako sareetako gizarteratze-programetara (Aldundikoetara) bideratzen dira, gizarteratzeko eguneko zentroetara, alegia.
Oarsoadea eskualdean gizarteratzeko erreferentziako eguneko zentroa, herritarrengandik gertu dagoelako eta gizarte zerbitzuetatik egiten ari garen koordinazio-lanagatik, Sarea Fundazioaren AUKERA zentroa da.
Hori dela eta, eta bazterkeria arriskuan edo bazterkeria egoeran daudenen beharrei eraginkortasunez erantzun ahal izateko, Pasaiako Udalak hainbat mekanismo eta/edo programa jarri du abian.
Pasaiako Udaleko Gizarte Ekintza Sailak eguneroko lanean zailtasun egoeran dauden pertsonak aurkitzen ditu, eta horien gizarte-beharrei egokitutako baliabideek denbora-muga izaten dute. Hau da, urteetan eguneko gizarte-zentro batean egon eta parte hartu ondoren, gizarte eta hezkuntza alorreko laguntza-programen beharra izaten jarraitzen dute gizarteratzeko, izan ere, lan-merkatuan sartzetik urrun egoten dira oraindik. Zailtasunak izaten dituzte errutinekin, ordutegiekin, lan-erritmoekin, gizarte-trebetasunekin, gaitasun pertsonalekin, osasunarekin, garbitasunarekin... Hori dela eta, laguntza profesionalaren beharra izaten jarraitzen dute, zailtasun horiek guztiek era egituratuan lantzeko.
Horri dagokionez, Pasaiako Udaleko Gizarte Ekintza Sailak Gizarteratze Programaren barruan SAREAK SORTUZ PROGRAMA diseinatu du: gizarte- eta hezkuntza-arloko programa berritzailea, bazterkeria arriskuan edo gizarte-bazterkeria egoeran daudenen gizarteratzea eta laneratzea helburu duena.
Sarea Fundazioaren helburua da enplegua sortzea, orientazio, prestakuntza eta lan munduan sartzeko jerdueren bidez; eta enplegua sortzeko jarduerak garatzea, lan-aukerak baliatzeko ahultasun-egoera larrian dauden taldeen artean.
Pasaiako Udalak interesgarritzat jotzen ditu Sarea Fundazioak gizarte-bazterkeria egoeran edo arriskuan daudenen alde ematen dituen zerbitzuak; hori dela eta, egokitzat jotzen du fundazioarekin lankidetza-hitzarmen bat ezartzea, SAREAK SORTUZ izeneko gizarteratze- eta laneratze-programa pilotua gauzatzeko.
Pasaiako Udalaren iritzian, Sarea Fundazioa erakunde egokia da programaren kudeaketa osoa bere gain hartzeko, bi erakundeen artean urteetan elkarlanean egindako ibilbidea dela-eta.
Adierazitakoagatik, erakunde horiek lankidetza-hitzarmen hau egiten dute, 2017ko irailaren 14an.