Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2020/10/30

Pasaiako Udalak indarrak batu ditu Don Boscorekin, enplegua sustatzeko

Don Bosco Lanbide Heziketako Ikastetxearekin sinatutako hitzarmenari esker, prestakuntza-, berrikuntza- eta enplegagarritasun-ekintzak garatu ahal izango dira.

Izaskun Gomez: “Prestakuntza oinarrizko zutabea da, pertsonen enplegu-aukerak hobetzeko, eta Don Bosco eredu bat da". “Hitzarmen honi esker, indarrak batuko ditugu, Pasaian enplegua berreskuratzearen alde lan egiteko”.

Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu du Don Bosco Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuarekin, Pasaiako udalerrian tokiko garapena, prestakuntza eta enplegua sustatzeko. Izaskun Gomez alkateak adierazpen hauek egin ditu: “enplegua beti lehentasuna da, eta hitzarmen honi esker, indarrak batuko ditugu gure eskualdean eredugarria den ikastetxe batekin”. “Prestakuntza sustatzea eta hobetzea da pertsonek lan-aukera gehiago izateko eta pasaitarren enplegagarritasuna hobetzeko biderik seguruena."

Hitzarmenaren edukian honako ekintza hauek jaso dira:

    • Pasaiako Udalari helaraziko zaio ikastetxean langile eta langabetuentzat programatzen diren diruz lagundutako prestakuntza-planei buruzko informazioa.
    • Udalarekin lankidetzan arituko da, udal langileen prestakuntza-planak prestatzen eta neurrira egindako ikastaroak programatzen.
    • Udalarekin lankidetzan arituko da bi aldeen intereseko berrikuntza-proiektuetan.
    • Don Boscoko guneak utziko dizkio udalari, bilerak egiteko eta ikastaroak emateko.
    • Pasaiako Udalari eskainiko dio erakunde babesle eta/edo laguntzaile gisa parte hartzeko, ikastetxetik bultzatzen diren elkartasuneko proiektuak eta ekitaldi herrikoiak direnean.

Bestalde, Pasaiako Udalak konpromiso hauek hartuko ditu:

    • Pasaiako Udalak bertako langileei eta bere eremuko herritarrei Don Boscoko Enplegurako Prestakuntzaren eskaintzaren berri emango die.
    • Don Boscoko ikasleak hartuko ditu praktikak egiteko (LP) eta/edo ikas-ekinezko lanbide-heziketa duala egiteko.
    • Don Boscoko ikasleentzat bisita gidatuak antolatuko ditu interesa duten instalazioetara, eta baita eskolaz kanpoko jarduerak ere.

Halaber, hitzarmenari esker, udalarekin lankidetzan arituko da, udal langileen prestakuntza-planak prestatzen eta neurrira egindako ikastaroak programatzen. Horri dagokionez, Izaskun Gómezek honako hau adierazi du: “Udal langileen prestakuntza ezinbestekoa da, pasaitarrei zerbitzu on bat emateko”.

 

HITZARMENA

PDF (0,1 Mb)