Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/02/04

Pasaia berdea martxan da! 

Aldaketa klimatikoari aurre egiteko kanpaina abiatu du Udalak

Pasaiako Udalak “Pasaia berdea martxan da!” komunikazio kanpaina abian jarri du. Kanpaina horren helburu nagusiak dira herritarrei Udalak 2025ean onartutako Klima eta Energia Plana eta Agenda 2030eko Plan Estrategikoa ezagutaraztea, eta herritarrak aldaketa klimatikoari aurre egiteko ekintzetan inplikatzea. 

Horretarako, komunikazio kanpainaren barruan zenbait euskarri diseinatu dira:

  • Etxez etxe banatzen ari den eskuorria, Klima eta Energia Planaren ildo nagusiak jasotzen dituena. 
  • Sare sozialetan argitaratzen ari diren bideoak, hondakinekin, mugikortasunarekin eta energiarekin lotutakoak.
  • Webgunean ingurumenari buruzko atala berritu da: bertan aurki daiteke Udalak azkenengo urteetan ingurumenaren arloan eginiko lan nagusiei buruzko informazioa, eta baita Agenda 2030 eta Klima eta Energia Planari buruzko informazio zehatzagoa;  dokumentu horiek deskargatzeko aukera ere badago. Era berean, beste zenbait gairen inguruko informazio zehatza eta eguneratua jasotzen da: hondakinak, zarata eta Pasaiako naturguneak, esaterako.

Klima eta Energia Plana idazteko prozesua 2021ean abiarazi zuen Udalak eta prozesuan zehar hainbat parte-hartze saio antolatu ziren. Agenda 2030aren kasuan, 2019an idatzitako Agenda 21ean oinarritutako plana Agenda 2030era egokitu da. 
Bi plan horietan zehazten da hainbat gairi buruzko udalaren ibilbide-orria. Eta plan horiek aurkezteko saioak egin beharrean, udalari egokiagoa iruditu zaio komunikazio-kanpaina baten bidez herritarrei gako nagusiak ezagutaraztea.

Izan ere, etorkizunean udalak herritarren inplikazioa eskatuko du hainbat prozesutan. Adibide gisa, datorren otsailaren 19an hasita, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik Energia komunitateak sortzeko prozesuaren inguruko informazioa eta laguntza teknikoa eskainiko dira San Pedroko Udal Aretoko erakusketa-gelan egingo diren lan-saioetan. Horiek otsailaren 19an, martxoaren 5ean eta martxoaren 26an izango dira arratsaldeko 18:00etan.

Iraitz Pazos ingurumen zinegotziaren hitzetan, “agerikoa da klima larrialdia bertan dugula eta denon ardura da horri aurre egiteko edo, behintzat, datorkigunari egokitzeko neurriak hartzea”. Ildo horretan, gaineratu du udalak azken urteotan ingurumenarekin lotutako ekimenak eta konpromisoak areagotu dituela, udalek ardura handia dutelako herritarren heziketan, herritarrengandik gertuen dagoen administrazioa izanik. “Edozein kasutan, ezin dugu ahaztu: denon ardurak dira klima larrialdiari aurre egitea eta ingurumen praktika egokiak izatea, eta norberaren ohituretatik eta etxeetatik hasten da lana”, amaitu du.

PASAIA BERDEA MARTXAN DA - ESKUORRIA