Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/02/15
Pasaia Zaintza HerriLab estrategiaren emaitzak jendaurrean jarri dituzte
Otsailaren 14an
Emaitzen txostenak erakutsi du, besteak beste, ekosistema baliagarria izaten ari dela adinekoek zentroetan ingresatzeko adina atzeratzeko.
Otsailaren 14ko goizean Pasaia Zaintza HerriLab programaren ebaluazioaren ondorioak aurkeztu dira Donibaneko kulturgunean. Emaitzek erakutsi dute, besteak beste, estrategia baliagarria izaten ari dela 80 urtetik gorako pertsonak egoitzetan sartzeko adina atzeratzeko, bai eta telelaguntza-zerbitzuak gutxiago erabiltzeko ere.
Prentsaurrekoan parte hartu dute Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak eta Teo Alberro Pasaiako alkateak. Emaitzen berri emateko ordezkariekin izan da, halaber, Matxalen Legarreta EHUko Soziologiako ikertzaile eta doktorea.
Txostenaren emaitzek erakutsi dute adinekoen gizarteratzea eta bizi-kalitatea hobetu egin direla. Ebaluazioan parte hartu duten 135 erabiltzaileetatik 119k (% 88,1) “oso ontzat” edo “ontzat” jo dute Gizarte Zerbitzuen edota beren udalerrian jasotako arreta- eta zaintza-zerbitzuen arreta.
Horrez gain, inplikatutako gizarte- eta osasun-zerbitzuetako profesionalen taldeari dagokionez, pilotajearen emaitzek gogobetetze eta motibazio handiagoa jasotzen dute profesionalen artean. Inkestatutako 41 pertsonetatik 32k (% 77,7) uste dute beren lanarekin eragin positiboa izaten ari direla artatutako pertsonen bizitzetan, eta 29 (% 71,7) motibatuta sentitzen dira artatutako pertsonekin lan egin ondoren.
Programak onuradunen lehentasunei eta itxaropenei erantzuten diela ziurtatu du Teo Alberro alkateak. Izan ere, 110 pertsonek (% 81,5) esan dute laguntza gehiago behar izanez gero, etxean bizitzen jarraitu nahi luketela. “Nabarmendu nahiko nuke gure adinekoak zentroetan ingresatzeko adina atzeratzea lortu dela estrategia honi esker. Hori aspaldian adierazi izan duten desioa da, baina baita dagokien eskubide bat ere. Eta instituzioei dagokigu bermatzea eskaera hori betetzen dela”.
Pasaia Zaintza HerriLabi eta pertsonarengan oinarritutako arreta-ereduari esker, urrats handiak egin dira baliabideak eta zerbitzuak pertsonaren beharretara egokitzeko, eta ez alderantziz. “Hori funtsezkoa da pertsona, bere egoera partikularra eta bere beharrak esku-hartzearen ardatz bihur daitezen. Laguntza ematen dutenek jakin dezaten zeintzuk diren laguntza jasotzen dutenen lehentasunak, nola bizi nahi duten eta zer behar duten horretarako”, mintzatu da eleduna.
Amaitzeko, aldarrikapena egin du Pasaiako alkateak: “Ez nuke bukatu nahi errepikatu gabe erronka handiena zaintza eskubide unibertsala bermatu ahal izatea dela. Denok dugulako zainduak izateko eskubidea, denok izango garelako uneren batean zaintzaile nahiz zaindu, eta denok izan beharko genukeelako eskubidea erabakitzeko nola zaindu nahi dugun, eta nola nahi dugun zainduak izan. Eta hori lortzeko modu bakarra da zaindua den horren ahotsa zaintza-sistemaren erdigunean kokatzea”.
Prentsaurrekoaren ostean lan-saioa egin dute bertaraturikoek EHUren gidaritzapean, eta sakonago landu dituzte bertan txostenaren emaitzak