Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/04/27

Pasaia bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko ekitaldian parte hartu du alkateak

Arrasate eta Zestoarekin batera, hiru udalerriek hainbat neurri aktibatu ahal izango dituzte alokairuaren prezioak ez igotzeko, etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzeko eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunen aurrean herritarren babesa indartzeko

Arrasate, Pasaia eta Zestoa bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatu dituzte gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako Ordezkaritzan, Donostian, egin den ekitaldian. Bertan, udalerri horietako Maider Morras, Teo Alberro eta Mikel Arregi udal-arduradunek eta Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak parte hartu dute. Adierazpena BOEn argitaratu eta hurrengo egunetan sartuko da indarrean, eta, horri esker, hiru udalerriek hainbat neurri aktibatu ahal izango dituzte alokairuaren prezioak ez igotzeko, etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzeko eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunen aurrean herritarren babesa indartzeko. Oro har, hiru udalerriek 1.500 etxebizitza berri inguru sustatzea aurreikusten dute datozen urteetan. Kopuru hori ia 1.800 etxebizitzetara igo daiteke, baldin eta haien plangintzetan aurreikusitako hirigintza-potentzial guztia garatzen bada.

Zerrendara gehitutako udalerri berri horrekin, Gipuzkoak jada 13 udalerri ditu eremu tentsionatu gisa izendatuta —Errenteria, Zumaia, Lasarte-Oria, Irun, Donostia, Astigarraga, Usurbil, Hernani, Tolosa, Lezo, Arrasate, Pasaia eta Zestoa—, hau da, lurraldeko biztanleriaren % 57,5 (374.455 biztanle guztira) alokairu-merkatua arautzeko neurri espezifikoak aplikatzen diren herrietan bizi da. 

Gainera, Itxaso sailburuak azaldu duenez, "zerrenda horri gaur egun izapidetzen ari diren espedienteak —Bergara, Deba, Oiartzun, Oñati eta Orio— gehitzen bazaizkio, estaldura gipuzkoarren % 64,2ra iritsiko litzateke, 465.585 biztanlerengana". Euskal Autonomia Erkidego osoan, bestalde, 17 dira jada eremu tentsionatu izendatutako herriak, eta 1.100.000 biztanle baino gehiago barne hartzen dituzte, hau da, biztanleriaren % 54. 

Era berean, oraingo honetan deklarazio berriak Gipuzkoako udalerriei soilik dagozkien arren, sailburuak honako hau nabarmendu nahi izan du: "Eremu tentsionatuen sistema erabat martxan dago Euskal Autonomia Erkidego osoan, joan den asteartean Bizkaia eta Arabarako erreferentziazko prezioen indizeak sartu ondoren; horrek bermatzen du alokairuaren merkatu osoak babes-mekanismo eraginkorrak izatea, bai maizterrentzat, bai jabeentzat".

Pasaia: Bizitegi-presio handia hiri-hazkunderako ahalmen txikia duen udalerri batean

Pasaia lurraldeko kasurik konplexuenetako bat da, bizitegi-presio handia eta garapen berrietarako lurzoru erabilgarririk eza konbinatzen baititu. Familiek, batez beste, diru-sarreren % 35,9 bideratzen dute etxebizitza ordaintzera —gehiegizko ahaleginaren atalasetik gora—, eta % 37,4ko puntak dituzte Trintxerpe bezalako barrutietan. Prezioak nabarmen igo dira, azken urteetan % 35 jabetzan erosteko etxebizitzetan eta % 23,3 alokairuan daudenetan.

Aldi berean, eskaintza murriztu egin da, eskariak handia izaten jarraitzen duen bitartean, batez ere tokikoak. Izan ere, etxebizitza-eskaeren % 60 baino gehiago erroldatutako pertsonenak dira eta alokairura bideratzen dira; eskatzaileak batez ere pertsona bakarreko unitateak eta errenta ertain edo baxuak dituztenak dira. Hirigintzaren ikuspegitik, ia erabat finkatua dago udalerria, eta, gainera, etxebizitza-parke zahartua du, irisgarritasun-arazoekin. Horrek erantzuteko gaitasuna mugatzen dio.

Hala ere, aurreikusitako Ekintza Plana lau ardatz estrategikoren inguruan egituratzen da, eta errealitate horretara egokitutako neurrien konbinazioaren aldeko apustua egiten du: 400 etxebizitza publiko berri ingururen garapen mugatua, adibidez Luzuriaga (73), Estrataldea (94), Izarra (28) edo Bordaenea (14) sustapenetan, eta jarduketa berriak Azkuene Goia (40), Larrabide Azpi (62) edo Papin (48) sustapenetan; formula alternatiboak bultzatzea, hala nola zuzkidura-apartamentuak edo erabilera-lagapeneko kooperatibak, eta hiria birgaitzearen eta berroneratzearen aldeko apustu sendoa. Halaber, neurri arautzaileak indartzen dira, besteak beste, alokairu turistikoaren kontrola, etxebizitza hutsen mobilizazioa, alokairu eskuragarrirako pizgarri fiskalak eta edukitzaile handiaren kontzeptua birdefinitzeko aukera esku-hartze publikoa areagotzeko.

Horren ildotik, Teo Alberro alkateak adierazi duenez, "etxebizitza eskuratzea da gaur egun desparekotasuna adierazten duen faktore nagusietako bat, eta erakundeok erabakitasunez jokatzeko erantzukizuna dugu. Plan hau ez da soilik dokumentu tekniko bat: konpromiso politiko bat da Pasaiako herritarren etxebizitza-eskubidea bermatzeko. Prezioek gora egiten duten bitartean, auzotar askok —bereziki gazteek— beren herritik kanporatzen dituztela ikusten dute. Ezin dugu onartu Pasaian bizitzea pribilegioa izatea”.

Era berean, azpimarratu du “ia erabat sendotuta dagoen udalerria garela, kanporantz hazteko tarterik ez duena. Horregatik, bide berrien aldeko apustua egin behar dugu: etxebizitza hutsak aktibatu, birgaitu eta bizitza erdigunean jarriko duten formula alternatiboak garatu, eta espekulazioa baztertu. Eskura ditugun tresna guztiak erabiliko ditugu etxebizitza hutsak mugiarazteko eta jokabide espekulatiboak geldiarazteko. Ez dauka zentzurik etxebizitza itxiak egotea bat eskuratu ezin duen jendea dagoenean. Etxebizitza eskubidea da, ez inbertsio-ondasuna”. Pasaiak hutsik dagoen etxebizitzari kanona ere aplikatzea aztertu du: 10 euro etxebizitzaren metro karratu bakoitzeko, eta % 10 gehituko da etxebizitzaren deklarazioak indarrean irauten duen urte bakoitzeko, hasierako zenbatekoa hirukoiztu arte.

Informazio eguneratua, webgune batean

Eremu tentsionatuen irismenari eta egoerari buruzko informazio eguneratua zonatensionadaeuskadi.eus webgunean kontsulta daiteke. Bertan, eremu horiekin lotutako arau-hausteak jakinarazteko salaketa-postontzi bat dago, besteak beste, alokairu-prezioen mugak betetzen ez direla edo lizentziarik gabeko etxebizitza turistikoen jarduera bezalako egoerak salatzeko.