Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/02/26
Pasaiak tentsionatuko eremu izendapena jaso du
Izendapen horrek alokairuaren prezioak mugatzea eta familien babesa indartzea ahalbidetuko du

Gaur, otsailak 26, Pasaiak urrats garrantzitsua eman du etxebizitza eskubidearen alde. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoari jarraikiz, udalerria bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatu da jada. Izendapen horrek esan nahi du etxebizitzaren arloan neurri zehatzak hartu ahal izango direla, alokairuaren merkatuan esku hartzeko eta herritarren bizitegi-egonkortasuna babesteko.
Pasaiako Udal Gobernuak 2025ean egindako lanaren emaitza da onarpen hau; izan ere, etxebizitzaren udal-diagnostikoa hasiera batean onartu eta gero, ekintza-plan espezifiko bat diseinatu eta baliozkotu zen, eta ondoren, Udalbatzak Eusko Jaurlaritzari egindako eskaera formalaren bitartez, bidea eman zion adierazpen hori aktiba zezan. Prozesu zorrotza eta teknikoki bermatua izan da, eta tokiko etxebizitzen merkatuan esku hartu beharra dagoela arrazoitzea ekarri du.
Teo Alberro alkateak adierazi duenez, "Etxebizitza eskubidea da, eta gure betebeharra da eskubide hori duintasunez gauzatzeko lan egitea. Plangintzarekin, datuekin eta erabaki politikoekin lan egin dugu. Izendapen honi esker, gure bizilagunen babesean aurrera egin ahal izango dugu".
Bestalde, Iraitz Pazos Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen zinegotziak azpimarratu duenez, "hau ez da adierazpen sinboliko bat. Alokairuaren merkatuan esku hartzeko, espekulazio-dinamikak geldiarazteko eta bizitegi-egonkortasuna bermatzeko tresna zehatz bat da". Osoko bilkurak onartutako Etxebizitza Plana betez, aurten martxan jarriko diren beste proiektuen berri eman du eledunak:
- Izarra proiektua eguneratuko da, Poblado inguruan etxebizitzak, aparkalekua eta igogailua ekarriko dituena.
- Donibaneko JJ Otaegin bizitoki berriak eraikitzeko proiektua idatziko da.
- Etxebizitzak birgaitzeko proiektua idatziko da Erti aretoa dagoen eraikinerako (Morales Oliver).
- Antxoko Luzuriaga II etxebizitza proiekturako azterlana idazten ari da Udala, Jaurlaritzarekin hitzarmen berria landu eta operazioa bideragarri egiteko.
- Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren idazketa kontratatuko da 2026ko udaberrian.
Zer dakar, praktikan, herritarrentzat?
Aitorpen horrek neurri zuzenak eragiten ditu alokairu gaietan: erreferentzia-indizeen arabera, prezioak mugatzea kontratu berrietan; aurreko kontratuaren aldean igoeren muga; hiru urtera arteko ezohiko luzapenak errentarientzat; betebehar handiagoak edukitzaile handientzat; eta babes handiagoa kalteberatasun-egoeretako. Azken batean, egonkortasun handiagoa, aurreikusgarritasun handiagoa eta arrisku gutxiago neurriz kanpoko igoeretarako, udalerritik alde egitera behartuta ez egoteko.
Halaber, Udalak, etxebizitza arloan eskumena duten gainontzeko erakundeekin elkarlanean, honako hauek bultzatuko ditu: etxebizitza babestua handitzea; hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea EAEko araudian aurreikusitako tresnen bidez; birgaitzea irizpide sozial eta energetikoekin; eta bitartekaritza eta alokairu eskuragarriko programa publikoak indartzea, etxebizitzak funtzio soziala eta ez-espekulatiboa betetzen duen eredua sendotuz.
Helburua argia da: Pasaian bizitzea posible izatea bertan lan egiten eta ikasten duenarentzat, eta nork bere bizi-proiektua garatzen duenarentzat, gizarte-kohesioa eta komunitate-errotzea indartuz.






