Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2021/01/21

COVID 19 Pasaia eremu gorrian - MURRIZKETAK

Urtarrilaren 21etik aurrera

Osasun Publikoaren Zuzendariaren Ebazpena argitaratu da urtarrilaren 21ean, eta bertan jasotzen da Pasaiak gainditu egiten duela azken 14 egunetan COVID-19ko kasu positiboen 500eko intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko (pandemiaren bilakaera Pasaian eta hartutako erabakien inguruko informazio gehiago ikusteko sakatu hemen).

Horregatik, 44/2020 Dekretuan eta ondorengo aldaketetan oinarrituta, beste gai batzuen artean udalerriaren itxitura perimetrala ezarri behar da, eta ostalaritza-establezimenduak ixteaz gain, kirol-jarduerak bertan behera utzi behar dira, jasota dauden salbuespenetan izan ezik.

Horiek guztiak urtarrilaren 22an, ostiralean, 00:00etan jarriko dira indarrean. 

Neurriak direla-eta, argibideak:

Badago salbuespenik udalerriaren barrutitik irteteko edo sartzeko, udalerriak 100.000 biztanleko 500tik gorako intzidentzia-tasa metatua gainditzen duenean?

Soilik urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenen bat bada, betiere behar bezala justifikatuta badaude.

  1. Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joatea
  2. Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea.
  3. Unibertsitate-, irakaskuntza- eta hezkuntza-zentroetara joatea, haur-hezkuntzako eskolak barne. 
  4. Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea. 
  5. Adinekoei, adingabeei, menpekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulei laguntza eta zaintza ematea. 
  6. Mugakide diren lurraldeetako finantza- eta aseguru-erakundeetara edo hornidura-estazioetara joatea.. 
  7. Organo publiko, judizial edo notarialetan egin beharreko jarduketak edo presakoak diren jarduketak.
  8. Baimenak eta dokumentazio ofiziala berritzea, bai eta beste administrazio-izapide atzeraezin batzuk ere.
  9. Azterketa edo proba ofizial atzeraezinak egitea.
  10. Ezinbestekoa edo premia-egoera dela eta.
  11. Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua.

Dagokion jarduketaren frogagiria eramateko gomendioa egiten da. 

Joan al naiteke beste udalerri batera erosketak egitera nire udalerria gune gorrian badago (100.000 biztanleko 500edo gehiagoko intzidentzia-tasa metatua du)?

Ez. Ez  dago  baimenduta  100.000  biztanleko  500 edo  gehiagoko intzidentzia-tasa metatua duten udalerrietatik    irtetea edo sartzea, funtsezko erosketa eta zerbitzuetarako izan ezik, baldin eta udal-konfinamenduak ukitutako  udalerriak  ez baditu   horiek, edo behar bezala justifikatutako urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako arrazoiren batengatik ez bada.

Beste udalerri batzuetara joan al daiteke ikastaroetara (hizkuntza-akademiak, euskaltegiak...)?

Bai, baimenduta dago beste udalerri batera joatea hezkuntza eta prestakuntza jarduera arautuak zein arautu gabeak egiteko, bi udalerrietako intzidentzia-tasa metatua edozein dela ere. Hau da, euskaltegira edo ingeleseko edo musikako akademiara joateko joan-etorriak baimentzen dira.

Baratzeetara joan daiteke?

Bai, arrazoi hori dela-eta, baratzea dagoen udalerrira joan daiteke, azken hau mugakidea den ala ez kontuan hartu gabe, eta bi udalerrietan metatutako intzidentzia-tasa kontuan hartu gabe.

Kontsulta medikoetara beste pertsona bat lagundu daiteke?

Bai, laguntzaile bat onartzen da.

Baimenduta al dago ehiztarien mugikortasuna uxaldiak egiteko?

Foru-aldundiek zenbait agindu argitaratu zituzten, eta gaur egun ere indarrean daude. Agindu horien arabera, ehiza-jarduera jakin batzuk -zehazki basurde uxaldiak- baimenduta zeuden, populazioa kontrolatzeko osasun-beharretan oinarrituta.

Baimen horiek ehiztariak uxaldiak egitera mugitzea ahalbidetzen dituzte, "ezinbesteko" mugigarritasun salbuespenen barruan egongo liratekeelako.

Baimenduta al dago manifestazioetara joateko mugikortasuna?

Irizpide orokor gisa, manifestazioa egiten den herrian bizi diren pertsonak bakarrik joan daitezke.

Hala ere, manifestazioetan, elkarretaratzeetan edo kaleratzeengatik egindako protestetan, ordezkari sindikalak eta zuzenean kaltetutako langileak joan ahal izango dira.

Baimenduta dago hiletetara joatea?

Bai, intzidentzia-tasa edozein dela ere, betiere bigarren mailara arteko senide baten hileta bada.

Baimenduta al dago gurtza-lekura joatea (meskita) beste udalerri batera, gure udalerrian bertan ez badago?

Aurreko udal-mugikortasunaren murrizketan interpretatu zen bezala, erlijio-zerbitzuetara edo kultu-zerbitzuetara joateko aukera ematen da, baina salbuespen gisa, bizileku den udalerrian ez badago, eta beti gertuen dagoen lekura. Ez dago inolako muga kuantitatiborik, eta behar beste aldiz egin daitezke.

Era berean, gurtza-zentroko batzordekideak, soldatapekoak izan ala ez, oratorioa dagoen udalerrian bizi ez badira, erregulartasunez joan daitezke irekitzera eta ixtera, garbitzera edo mantentzera.

Ostalaritzako zein establezimenduk ireki ditzakete ateak?

Data: 2021eko otsailaren 9a.

2021eko otsailaren 9an Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, Administrazioarekiko Auzien Salak, 94/2021 prozedura arruntean hartutako erabakiaren arabera, Bizkaiko Ostalaritzako Elkarteak, Gipuzkoako Ostalaritza Enpresaburuen Elkarteak eta SEA Arabako Enpresak elkarteak aurkeztutako hauen aurkako demandaren aurrean: “44/2020 Dekretuaren eranskinaren 9.1) ataleko berrirekitze-arauei buruzkoa, eta urtarrilaren 22ko Lehendakariaren 4/2021 Dekretuaren hirugarren xedapena, abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuaren hirugarren aldaketarena”, jarraian berritasun hauek jaso dira:

Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduak Epaimahaiak Lehendakariaren abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuaren eranskinaren 9.1) atalaren indarraldia etetea erabaki du (Lehendakariaren urtarrilaren 22ko 4/2021 Dekretuaren bidez luzatu zen). Beraz, ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak berriz ireki ahal izango dira publikoarentzat, azkeneko 14 egunetako COVID-19 kasu positiboen intzidentzia-tasa metatuaren arauak bete gabe, izan 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan, nahiz 5.000 baino gutxiago dituztenetan, tokiko egoera epidemiologikoak edo kutsatze-agerraldiek hala eskatzen dutenean.

Irekitzea urtarrilaren 22ko 4/2021 Dekretuan ezarritako neurriak betez egingo da, eta honako hauek izango dira:

Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduek aire zabaleko terrazetan eskaini ahal izango dute zerbitzua, eta barruan gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar izango dute erabilgarri.
Nolanahi ere, kanpoan zein barruan, mahai desberdinetan eserita dauden pertsonen artean gutxienez metro eta erdiko tartea dagoela ziurtatu beharko da. Mahai bakoitzeko bezero-taldeek ezin izango dute lau baino gehiago izan, eta ezingo dira bi mahai edo gehiago batu pertsona-kopuru handiagoko talde baterako. Bereziki gomendatzen da establezimendu barruan telebistaz egindako kirol-ekitaldiak kolektiboki ez ikustea.

Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea, barruan nahiz kanpoan, erabiltzaileek mahaian eserita kontsumitu beharko dute. Berariaz gomendatzen da establezimendu horietako terrazetan eta inguruetan ez erretzea.

Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduak, gehienez ere, 20:00etan itxi beharko dira, bezeroen kanporatzea barne, eta ezingo dira 06:00ak baino lehen ireki jendearentzat. Hitzordua eskatuta egindako eskaerak 21:00ak arte eman ahal izango dira establezimenduan bertan, eta, edonola ere, itxita egon beharko dira beste edozein zerbitzu publikorako. Etxez etxeko banaketa
22:00ak arte egin ahal izango da.

Zerbitzuguneetan dauden ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuak 20:00etatik 06:00etara bitartean irekita egon ahal izango dira, iragaitzazko erabiltzaileentzako zerbitzurako bakarrik.

Irekitzea Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren erabakia argitaratzen den unean bertan egin ahal izango da, hau 2021eko otsailaren 9an gertatu da.

EAEko JANren otsailaren 9ko ebazpena kontuan hartuta, berriz ireki al daitezke joko- eta apustu-lokalak?

Ez, Lehendakariaren 44/2020 Dekretuaren eranskinaren 9.1) atalaren indarraldira mugatzen da berrirekitzea. Atal horrek ostalaritzako lokalei soilik eragiten die eta, beraz, joko- eta apustu-lokalak ezin dira ireki.

Ostalaritzako establezimenduetan, joko-makinak erabili ahal izango dira, baldin eta eserita egiten bada.

Kirola:

COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 edo gehiagokoa duten udalerrietan, bertan behera geratzen da taldeko kirol-jarduera oro, bai entrenamenduan, bai lehiaketan. Salbuetsita daude, eta, beraz, egin ahal izango dira lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak, gimnasioetan, kirol-klubetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak, eta jarduera fisikoa eta kirol-jarduera, aire zabalean eta gehienez sei laguneko taldeetan.

Eusko Jaurlaritzak emandako jarraibideak: JARDUERA FISIKOA ETA KIROLA AIRE LIBREAN

Lurralde Historikoko beste udalerri batera joan zaitezke jarduera fisikoa aire zabalean egiteko?

Ez, ezin duzu hori egin COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 edo gehiagokoa duten udalerrien artean.

COVID-19a dela-eta, osasun-krisiaren egoerak irauten duen bitartean, mugikortasunari buruzko gomendioak eta argibideak. Pasaian aire librean jarduera fisiko ez profesionala egiteko argibideak eta Pasaiarako eremu gorrirako sarbidea, udalerriaren itxitura perimetrala dela-eta.

Erantsirik agertzen dira jarduera fisikoa egiteko eta udalerri barruan mugikortasuna bermatzeko hainbat ibilbide, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Sailak eta Udaltzaingoak elkarlanean gomendatzen dituztenak.

Barruti bakoitzeko ibilbideen proposamena zirkularra da eta gomendioa da ordutegiaren aurkako norabidean egitea. Edozein modutara ere, dagozkion agintariekin adostutako hainbat zehaztasun helarazten dira, gure udalerriko hainbat galdera eta zehaztapenei buruzko argibideak ematearren. 

  • Eskaileriletatik eta Buenavistako bidegorritik igaroz bakarrik konektatu ahal izango dira San Pedro eta Trintxerpeko barrutiak Antxorekin (eta alderantziz) .
  • Molinaoko eremua erabili ahal izango da Pasai Antxoko barrutiaren hedadura gisa. 

  • Ezin izango da igaro Donibanetik Lezora. 


Gainerako barrutietako txirrindulariek (Antxo, Trintxerpe, San Pedro) Jaizkibeleko errepidearekin konektatu ahal izango dute, Lezoko udalerrian inolaz ere gelditu gabe.

GOGORARAZTEKOA DA:

Kirol jarduera guztietan ezinbestekoa izango da maskara erabiltzea. Erabiltzeko betebeharrik ez da izango esparru naturaletan, hirietako aldirietako inguruetan oinezkorik ez denean, igerilekuetan, edota jarduera fisiko intentsua eta lehiaketakoa denetan. 

COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 edo gehiagokoa duten udalerrietan, bertan behera geratzen da taldeko kirol-jarduera oro, bai entrenamenduan, bai lehiaketan. Salbuetsita daude, eta, beraz, egin ahal izango dira lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak, gimnasioetan, kirol-klubetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak, eta jarduera fisikoa eta kirol-jarduera, aire zabalean eta gehienez sei laguneko taldeetan.

Lurralde Historikoko beste udalerri batera joan zaitezke jarduera fisikoa aire zabalean egitera?

Ez, ezin duzu hori egin COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 edo gehiagokoa duten udalerrien artean.