Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/06/03
Aurtengo PDFk dantza komunitarioa eta lurraldearekin lotutako sorkuntza-prozesuak indartuko ditu
Zortzigarren edizioa ekainaren 11tik 14ra ospatuko da Antxon

Pasaiako Dantza Festibalaren VIII. edizioa aurkeztu da gaur goizean Antxon. Guztira, 17 ekimen antolatuko dira aurten ekainaren 11tik 14ra bitartean.
Agerraldian izan dira Teo Alberro Pasaiako alkatea, Laura Ré Kulturako eta Ondareko zinegotzia, Mikel García Peñil Antxoko alkateordea, Ana López Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Sormen Industriako zuzendaria, Isaac Palencia Foru Aldundiko Kultura eta Gazteriako zuzendaria, Beñat Ralla Herri Arte Eskolako ordezkaria, Aimar Odriozola eta Oihana Vesga dantzariak eta Iurre Aranburu, Aiert Beobide eta Jon Arsuaga Haatik Konpainiako kideak eta festibalaren arduradunak.
Prentsaurrekoari Helena Wilhelmsson dantzariaren “Trembling Frequiencies" piezarekin eman zaio hasiera (bakardadeari, amorruari eta ahots artistikoari buruzko hausnarketa).
Aurtengo edizioak bereziki indartuko ditu dantza komunitarioa eta lurraldearekin lotutako sorkuntza-prozesuak. Izan ere, PDFk dantza ez du soilik erakustaldi gisa ulertzen, topaketarako, parte-hartzerako eta elkarrekin sortzeko tresna gisa baizik, antolatzaileek adierazi dutenez.
Ildo horretan, jaialdiak aurkezpen eta solasaldirako saio berezi bat antolatuko du ekainaren 4an, 19:00etan, Antxoko Kultur Etxean. Jaialdia hasi baino astebete lehenago, saio horretan edizio honetako xehetasunak ezagutaraziko dira, eta bi prozesu bereziren inguruan hitz egiteko aukera izango da: Anakrusa, herriko pertsonekin garatutako proiektua, aurten “GARDEN” piezarekin biribilduko dena; eta OKUPA, Oihana Varelaren proiektua, jaialdiaren barruan “Zeharkatzen” pieza lehen aldiz aurkeztuko duena.
Teo Alberro alkateak honakoa adierazi du: “Antxoko kaleak, plazak eta txokoak dantzaren bidez biziberrituko dira berriro. Eta hori da, hain zuzen ere, jaialdi honen indargune handienetako bat: kultura antzokietatik eta aretoetatik haratago eramatea, herritarren egunerokotasunera ekartzea eta espazio publikoak sormenaren, emozioaren eta topaketaren gune bihurtzea. Kulturak herria egiten baitu, eta are gehiago kalean gertatzen denean: herritarrak elkartzen ditu, harremanak sortzen ditu, auzoak aktibatzen ditu eta espazioei esanahi berriak ematen dizkie”.
Laura Ré Kulturako zinegotziak, bestalde, nabarmendu du dantzak gorputzen bidez plazaratzen dituela istorioak, emozioak, aldarriak eta bizipenak. “Eta horregatik da arte adierazpide hain berezia eta hain unibertsala”. Ildo horretan, indarra jarri du sorkuntza kalera ateratzearen garrantzian: “Kalea ez baita soilik igarobide bat; elkar ikusteko, elkar aitortzeko eta elkarrekin esperientziak partekatzeko espazioa ere bada. Eta horregatik jarraituko dugu PDFren gisako proiektuen alde egiten. Herria egiten duten ekimenak direlako, harremanak sortzen dituztelako, eta kultura guztiontzat eskuragarri jartzen dutelako.
5 gune
Urtero bezala, festibala ibiltaria izango da eta barrutiko zenbait txoko eta eremutan ospatuko da: Luzuriaga parkean, Skate harmailetan, Skate parkean, Ibaiondon eta Katuen Etxadian. Azken hori nobedadea izango da aurten.
Sorkuntza berrien sustapena
Edizio honek PDFren beste funtzio bat ere indartuko du: sorkuntza berriak bultzatzea. Horren adibide izango da Aimar Odriozolaren proposamena; jaialdiaren babesarekin garatu da, eta edizio honetako kokaleku jakin baterako sortutako ikuskizuna da: skate parkerako propio pentsatutako lana.
Jaialdiak estreinaldiak, lehen sorkuntzak eta prozesuan dauden lanak ere bilduko ditu, esaterako, Itzel Vela eta Marina Alonsoren lana, Diskordia Kolektiboarena, Oihana Vesgarena... Hodei Iriarte eta Alberto Serrano garatzen ari diren Aatxe piezak ere edizio honen izaera bizia indartuko du.
Begirada desberdinak
Programazioak askotariko hizkuntza eta begiradak jasoko ditu. Horren erakusle izango da Dani Hernándezen Córdoba Drone, dantza espainiarra eta esperimentazio garaikidea uztartzen dituen pieza. Horri gehituko zaio dantza urbanoko freestyle lehiaketaren hirugarren edizioa, inprobisazioarekin, musikarekin eta kultura urbanoarekin lotutako ildoa sendotuz.
Euskal sortzaileak, protagonistak
Proposamen horiekin batera, edizioak ibilbide sendoa duten euskal konpainiak eta sortzaileak ere bilduko ditu —besteak beste, Haatik, Osa + Mujika eta Amaia Elizaran—, esperientzia, arriskua, sorkuntza berria eta parte-hartze herritarra uztartzen dituen programazioaren pisu artistikoa indartuz.
Tokiko eta hezkuntza arloko ehunak ere presentzia garrantzitsua izango du aurten. Iker Murillo Studio 24, Alkartasuna Dantza Taldea eta Errenteriako Herri Arte Eskolaren erakustaldiek jaialdiaren dimentsio pedagogikoa, soziala eta komunitarioa azpimarratuko dute.
Taberna, asteburuan
Ekainaren 13an eta 14an, Luzuariagan, Food trucka eta taberna egokituko dira ikuskizunek irauten duten bitartean giroa indartzeko. Ordutegiak:
- Larunbata: 12:00 – 16:00 eta 18:00 – 00:00.
- Igandea: 12:00 – 16:00
Oro har, edizio honek argi erakusten du PDFk ez dituela ikuskizunak soilik programatzen: prozesuak babesten ditu, sorkuntza berriak bultzatzen ditu, belaunaldiak eta begiradak konektatzen ditu, eta dantza lurraldearekin elkarrizketan gertatzeko testuingurua sortzen du.







