Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/04/30

Parketarrak egitasmoa Pasaiako parke eta plazetara itzuliko da udaberrian 

Euskaraz jolasean aritzeko ekimen hau maiatzaren 7tik ekainaren 4ra egingo da 4 barrutietan

Euskaraz jolasean aritzeko Parketarrak ekimenaren udaberriko txanda maiatzaren 7tik ekainaren 4ra izango da. Saioak lau barrutietan egingo dira, astelehenetik ostegunera, arratsaldez, eta lau astez jarraian. Eta, lehen saioak Eusfera ekimenaren baitan antolatuko dira.

Izan ere, 2025eko udaberrian jarri zen martxan Pasaian Parketarrak egitasmoa eta bigarren ekitaldia 2025eko udazkenean egin zen. Udazkeneko txandan 71 gurasok eta 190 haurrek hartu zuten parte eta balorazioa ona izan zen. Beraz, ekimenari segida ematea adostu du Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak.

Parketarrak egitasmoaren helburu nagusia da familia bidezko transmisioan eragitea, eta horretarako, haurrak eta gurasoak elkarrekin euskaraz jolastu daitezen espazioak sortzea. Beraz, barrutietako parkeetan eta plazetan familiak bilduko dira euskaraz jolasteko; hau da, 3-5 urteko haurrak eta haien gurasoak edo arduradunak. Eta hezitzaileak arduratuko dira jarduera dinamizatzeaz eta gidatzeaz. Hala ere, ezinbestekoa da adin horretako umeekin batera gurasoek edo arduradunek ere parte hartzea, izan ere, haiek dira oraindik adin horietako haurren erreferentziazko pertsonak.

Saioak doakoak izango dira eta ordubeteko iraupena izango dute. Kide-kopuruari dagokionez, ez da parte-hartzaile mugarik jarriko eta ekimenean parte hartzeko ez da izen-ematerik egin beharko. Hezitzaileek esku-hartzeko unean inguruan dauden 3-5 urteko haur guztiak eta horien gurasoak gonbidatuko dituzte parte hartzera.

Hezitzaileek partaideen ezaugarrien arabera moldatzen dituzte saioak. Beraz, saioak euskaraz izango dira, baina ez da beharrekoa euskaraz ulertzea; hezitzaileak arduratuko baitira partaideek jolasen azalpenak ulertu dituztela bermatzen. Bestalde, taldearen ezaugarrien arabera, hezitzaileek aproposenak diren jolasak erabiliko dituzte.

Familia bidezko transmisioaren garrantzia

Haurraren lehenengo hilabete eta urteetan garrantzitsua da etxeko giroa eta arlo ludikoa euskaraz lantzea. Gero, umea hazten doan heinean, harreman-sareak eratzen hasten da, eta une horretan ere, ezinbesteko gakoa da lagunekin euskaraz ondo pasatzeko aukerak izatea, lagunarteko hizkera indartzeko eta komunikazio-ohiturak euskaraz eraikitzeko. Parketarrak egitasmoak horretarako baliabideak eskaintzen dizkie haurrei eta familiei.

Aurten gainera, Parketarrak egitasmoaren lehen saioek bat egingo dute Euskal Herri mailako Eusfera ekimenarekin; Eusfera maiatzaren 7tik 17ra gauzatuko baita gurasoak aktibatzeko eta 0-12 urte arteko haurren unibertsoa euskaldunagoa izateko helburuarekin. 

                                                                                                                                                   EGITARAUA