Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/09/22

Parketarrak egitasmoa Pasaiako parke eta plazetara itzuliko da udazkenean 

Euskaraz jolasean aritzeko Parketarrak ekimenaren udazkeneko txanda irailaren 29tik urriaren 23ra egingo da

2025eko udaberrian eta Euskaraldia betean jarri zen martxan Pasaian Parketarrak egitasmoa. Guraso eta haur dezentek hartu zuten parte eta balorazio oso ona izan zen. Hori dela eta, ekimenari segida ematea adostu du Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak. 

Helburu nagusia da familia bidezko transmisioan eragitea, eta horretarako, haurrak eta gurasoak elkarrekin euskaraz jolastu daitezen espazioak sortzea. Beraz, 4 barrutietako parkeetan eta plazetan familiak bilduko dira euskaraz jolasteko; hau da, 3-5 urteko haurrak eta haien gurasoak edo arduradunak. Eta, Hezten elkarteko hezitzaileak arduratuko dira jarduera dinamizatzeaz eta gidatzeaz. Hala ere, ezinbestekoa da adin horretako umeekin batera gurasoek edo arduradunek ere parte hartzea, izan ere, haiek dira oraindik adin horietako haurren erreferentziazko pertsonak.

Saioak doakoak izango dira eta ordubeteko iraupena izango dute. Kide-kopuruari dagokionez, ez da parte-hartzaile mugarik jarriko eta ekimenean parte hartzeko ez da izen-ematerik egin beharko. Hezitzaileek esku-hartzeko unean inguruan dauden 3-5 urteko haur guztiak eta horien gurasoak gonbidatuko dituzte parte hartzera.

Hezitzaileek partaideen ezaugarrien arabera moldatzen dituzte saioak. Beraz, saioak euskaraz izango dira, baina ez da beharrekoa euskaraz ulertzea; hezitzaileak arduratuko baitira partaideek jolasen azalpenak ulertu dituztela bermatzen. Bestalde, taldearen ezaugarrien arabera, hezitzaileek aproposenak diren jolasak erabiliko dituzte.

Familia bidezko transmisioaren garrantzia

Haurraren lehenengo hilabete eta urteetan garrantzitsua da etxeko giroa eta arlo ludikoa euskaraz lantzea. Gero, umea handitzen doan heinean, harreman-sareak eratzen hasten da, eta une horretan ere, ezinbesteko gakoa da lagunekin euskaraz ondo pasatzeko aukerak izatea, lagunarteko hizkera indartzeko eta komunikazio-ohiturak euskaraz eraikitzeko. Parketarrak egitasmoak horretarako baliabideak eskaintzen dizkie haurrei eta familiei.

                                                         Egutegia:

DONIBANE

ASTELEHENETAN

Irailak 29

Urriak 6

Urriak 13

Urriak 20

17:00

JJ Otaegi plazan. Euriarekin, frontoian.

ANTXO

ASTEARTEETAN

Irailak 30

Urriak 7

Urriak 14

Urriak 21

17:30

Ibaiondoko plazan. Euriarekin, frontoian.

SAN PEDRO

ASTEAZKENETAN

Urriak 1

Urriak 8

Urriak 15

Urriak 22

17:30

Frontoian. Euriarekin, Proisako aterpean.

TRINTXERPE

OSTEGUNETAN

Urriak 2

Urriak 9

Urriak 16

Urriak 23

17:15

Gudari plazako parkean.