Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/05/15

Euskaraz jolasean aritzeko Parketarrak egitasmoa aurkeztu da

Saioak lau barrutietako jolasguneetan egingo dira, maiatzaren 19tik ekainaren 12ra

Parketarrak ekimena Euskaraldia betean jarriko da martxan, eta maiatzaren 19tik ekainaren 12ra, saioak lau barrutietan egingo dira. Euskaraz jolasean aritzeko ekimena astelehenetik ostegunera egingo da, arratsaldez, eta lau astez jarraian.

Barrutietako parkeetan eta plazetan familiak bilduko dira euskaraz jolasteko; hau da, 3-5 urteko haurrak eta haien gurasoak edo arduradunak. Jolasa da jardueraren funtsa, erreminta ezin hobea delako hizkuntza barneratzeko, eta jolasguneetan egongo diren  hezitzaileak arduratuko dira jarduera dinamizatzeaz eta gidatzeaz. Hala ere, garrantzitsua da adin horretako umeekin batera gurasoek edo arduradunek ere parte hartzea, izan ere, haiek dira oraindik adin horietako haurren erreferentziazko pertsonak. Gainera, familia bidezko transmisioan eragiteko ezinbestekoa da familien inplikazioa.

Saioak doakoak izango dira eta ordubeteko iraupena izango dute. Kide-kopuruari dagokionez, ez da parte-hartzaile mugarik jarriko eta ekimenean parte hartzeko ez da izen-ematerik egin beharko. Hezitzaileek esku-hartzeko unean inguruan dauden 3-5 urteko haur guztiak eta horien gurasoak gonbidatuko dituzte parte hartzera.

Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak antolatu du jarduera hau, euskararen erabilera indartu nahi duelako aisialdiaren eremuan; alegia, haurrak eta familiak kalean jolasean dabiltzanean, euskaraz aritzea. Egitasmoak bat egiten du Euskaraldiaren helburuarekin, eta horregatik, Euskaraldia betean jarriko da martxan.

Hezitzaileek partaideen ezaugarrien arabera moldatzen dituzte saioak. Beraz, saioak euskaraz izango dira, baina ez da beharrezkoa euskaraz ulertzea; hezitzaileak arduratuko baitira partaideek jolasen azalpenak ulertu dituztela bermatzeaz. Bestalde, taldearen ezaugarrien arabera, hezitzaileek aproposenak diren jolasak erabiliko dituzte.

Eskola orduz kanpoko jardunaren garrantzia

Haurraren lehenengo hilabete eta urteetan garrantzitsua da etxeko giroa eta arlo ludikoa euskaraz lantzea. Gero, umea handitzen doan heinean, harreman-sareak eratzen hasten da, eta une horretan ere, ezinbesteko gakoa da lagunekin euskaraz ondo pasatzeko aukerak izatea, lagunarteko hizkera indartzeko eta komunikazio-ohiturak euskaraz eraikitzeko. Parketarrak egitasmoak horretarako baliabideak eskaintzen dizkie haurrei eta familiei.