Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/09/17

Parketarrak egitasmoak euskaraz jolasteko aukera eskainiko die Pasaian 3 eta 5 urte bitarteko haurrei

Haurrak heldu batekin joan beharko dira, helburua familiek dinamikan parte hartzea baita.

Pasaiako Udalak eta Heztenek Parketarrak egitasmoaren egutegi berria aurkeztu dute. Ekimenaren helburua da 3 eta 5 urte bitarteko haurrei eta haien familiei kalean eta parkeetan euskaraz jolasteko eta harremanak euskaraz egiteko aukerak eskaintzea.

Parketarrak egitasmoaren bidez, haurrek euskaraz jolasteko baliabide eta tresnak ezagutuko dituzte, Hezteneko jolas-dinamizatzaileen laguntzarekin. Horrela, jolasa eta aisialdia euskararen erabilerarekin lotu nahi dira, ohiko harreman- eta jolasguneetan, hau da, kalean eta parkeetan.

Saioetan parte hartzeko, haurrak guraso edo beste heldu batekin joan beharko dira, egitasmoaren oinarria familiek elkarrekin jolastea eta dinamikan parte hartzea baita. Helburua ez da haurrak bakarrik jolastea, baizik eta familiek euskarazko jolasak ezagutu eta etxean zein kalean erabiltzeko baliabideak eskuratzea.

Saioak lau barrutietan

Egitasmoa irailaren 21ean hasiko da eta urriaren 19ra bitartean luzatuko da, honako egutegi honekin:

  • Donibane: irailaren 21ean eta 28an, urriaren 5ean eta 19an, 17:00etan, JJ Otaegi plazan. Euria eginez gero, frontoian egingo dira saioak.
  • Antxo: irailaren 22an eta 29an, urriaren 6an eta 13an, 17:30ean, Gure Zumardian. Euria eginez gero, Ibaiondo frontoian izango dira.
  • San Pedro: irailaren 23an eta 30ean, urriaren 7an eta 14an, 17:30ean, frontoian. Euria eginez gero, Proisako aterpean egingo dira.
  • Trintxerpe: irailaren 24an eta urriaren 1ean, 17:15ean, Gudari plazan; urriaren 8an eta 15ean, 17:15ean, Andonaegiko pistetan. Euria eginez gero, lehenengo saioak Serafin Esnaolako arkupeetan eta bigarrenak frontoian egingo dira.

Parketarrak egitasmoa doakoa da, eta 3 eta 5 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dago. Udalak eta Heztenek herritarrak animatu dituzte saioetan parte hartzera eta euskaraz jolasteko eta elkarrekin gozatzeko espazioak baliatzera.