Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/05/30

Pasaia Musikalek 2024-2025 ikasturtearen aurkezpena egin du

Matrikulazio epea ekainaren 17tik aurrera irekiko da

Pasaia Musikal Musika Eskolak 2024-2025 ikasturterako matrikulazio epea irekiko duela iragarri du gaur goizean antolatu duen prentsaurrekoan. Hala, beren hezkuntza-ereduarekin jarraitzeko konpromisoa agertu dute: musika hezkuntza inklusiboa, pertsonalizatua eta komunitatean musika sustatzearen aldekoa. Ekainaren 17tik aurrera, matrikulazio epea ireki egingo da beren musika-trebetasunak ingurune eroso eta profesional batean garatu nahi dituzten ikasle guztientzat.

Aitor Brion, Pasaiako Udaleko Ondare eta Kultura zinegotziaren hitzetan: “Gure helburua da, trebetasun teknikoak garatzeaz gain, ikasle bakoitzaren arima elikatu eta bizitza aberastuko duen musika-hezkuntza eskaintzea. Gure instrumentu- eta ahots-ikasketen aukera zabalak, estilo klasikoetatik hasi eta modernoetaraino, ziurtatzen du musika-gustu guztietarako aukerak egotea. Pianoa eta biolina, bateria eta saxofoia, txistua, gaita galiziarra eta kantua... gure programak prestakuntza integral eta moldakorra eskaintzeko diseinatuta daude.

Gainera, taldeko musikak duen balioan sinesten dugu. Talde, abesbatza eta orkestra gisako jarduerek, musika-trebetasun aurreratuak garatzeaz gain, talde-lana, lankidetza eta kide izatearen zentzua ere sustatzen dituzte. Alderdi horiek funtsezkoak dira gure ikasleen hazkunde pertsonal eta sozialerako.

Musika-hezkuntzarako sarbidea are gehiago errazteko, Pasaia Musikalek hastapen-instrumentuak ditu, doan laga daitezkeenak, bai eta dirulaguntzen programa bat ere, gure musika-irakaskuntzetan guztion parte-hartzea sustatzea helburu duena”.

Adin guztietarako hezkuntza-eskaintza

Pasaia Musikaleko hezkuntza-eskaintza herritar guztiei zuzenduta dago, 4 urtetik hasita, mugarik gabe. Musika edozein adinetan ikasi eta goza daitekeen arte unibertsala da.  Helburua da haur, gazte eta helduentzako musika-hezkuntza eskuragarria eskaintzea, ikasle bakoitzaren beharretara eta helburuetara egokituz.

Pasaia Musikalen ulertzen da ikasle bakoitzak ikasteko bere interes eta erritmoak dituela. Horregatik, irakaskuntzak ikasle bakoitzera egokitzen dira, eta horrek ahalbidetzen du ikaslearen gaitasun eta motibazioen araberako aurrerapena. Irakasle-talde kualifikatua dugu, irakaskuntzarekiko grina duena, eta hezkuntza-esperientzia pertsonalizatua eta aberasgarria eskaintzen duena.

Eskolak instrumentu eta ahots ikasketa sorta zabala eskaintzen du, musika estilo moderno zein klasikoak barne. Pianotik, gitarratik eta biolinetik hasi eta bateria, saxofoia, Galiziako gaita eta kanturaino. Eskainitako programak musika interes ugari asetzeko eta prestakuntza integral eta moldakorra emateko diseinatuta daude.

Praktika musikala taldean: bandak, koruak, orkestrak...

Jarduera kolektibo horiek funtsezkoak dira ikasleen garapen integralerako, trebetasun sozialak eta talde-lanekoak sustatzen baitituzte. Gainera, musika-taldeetan parte hartzeak komunitate- eta pertenentzia-sena indartzen ditu, eta ikasleen artean lotura esanguratsuak sortzen ditu.

Musika-hezkuntzarako sarbidea errazteko, eskuragarri daude espezialitate batzuetako instrumentuak, ikasten hasteko doan laga daitezkeenak. Gainera, Pasaia Musikalek dirulaguntza programa bat du musika irakaskuntzetarako sarbidea sustatzeko.

Interesa duten pertsona guztiek izena eman dezakete ekainaren 17tik aurrera. Izena emateko prozesuari, ikasketa-planari eta dirulaguntzei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, hemen kontsulta daiteke, edo harremanetan jarri pm.idazkaritza@pasaia.net helbide elektronikoan edo 943396055 telefono zenbakian.