Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2020/11/20

Ostalaritzarako laguntza gehiago emango dute Eusko Jaurlaritzak eta Pasaiako udalak

Pasaiako Udalak informazio-bulego bana zabalduko du Antxon eta Trintxerpen, ostalaritzarako laguntzen eskaera errazteko.

Izaskun Gómez: “udalak bere esku dagoen guztia egingo du, ostalariei krisi hau gainditzen laguntzeko”.

Pasaiako Udalak, Oarsoaldearekin lankidetzan, azaroaren 23an bi bulego zabalduko ditu, ostalariei laguntzak eskatzeko izapideekin laguntzeko eta izapideak azkartzeko. Bulego berriak  Trintxerpeko Alkateordetzan eta Pasaia Antxoko Azokan egongo dira. Informazio-zerbitzu honen helburua da eskaerak aurkezteko epeak ahalik eta gehien murriztea. Eusko Jaurlaritzak onartutako dirulaguntzek, eta aurki Pasaiak onartuko dituen dirulaguntzek helburu bera dute: Covid-19ak eragindako krisiaren ondorioak arintzea, ostalaritzako establezimenduak itxi egin behar izan baitituzte.

Bulego berrien lehen lana izango da ostalariei informazio guztia ematea, Eusko Jaurlaritzak onartutako laguntzei buruz (gaurko EHAAn argitaratuak). Laguntzak eskuratu ahal izango dituzte langile autonomoek, besteren konturako langileek, ondasun-erkidegoek, eta 50 langiletik beherako enpresa. Guztira, 30.540.000 euro erabiliko dira urriaren 20an alarma egoera ezarri aurretik abian ziren taberna, jatetxe eta kafetegiei laguntzak emateko. Establezimendu bakoitzeko 3.000 edo 4.000 euro arteko dirulaguntzak emango dira, langile-kopuruaren arabera.

  • 1-3 pertsonako establezimenduak: 3.000 euro.
  • 4-10 pertsonako establezimenduak: 3.500 euro.
  • 10-50 pertsonako establezimenduak: .000 euro.

Laguntza hauek jasotzen dituzten enpresek Euskal Autonomia Erkidegoan izan behar dute egoitza; eta jardueraren etenaldia amaitu ondorengo lau hilabeteetan, gutxienez, beren jarduerarekin jarraitzeko konpromisoa hartuko dute. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa da: azaroaren 19tik abenduaren 10era.

Bulego horiek azaroaren 23tik aurrera egongo dira abian. Ordutegia: 9:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera.

Pandemiaren ondorioz ezarritako murrizketak direla-eta, segurtasun arrazoiengatik, aurretiazko hitzordua eskatu beharko da. 

Halaber, hitzordua eskatu edo zalantzak argi daitezke; http://covid19oarsoaldea.com webaren bidez, eta baita 943 494 129 telefono-zenbakira deituz ere.

Udal laguntzak

Eusko Jaurlaritzak onartutako laguntzez gain, udalak eledunen batzordean laguntza-programa bat onartu du Pasaiako ostalarientzat: inbertsioak egiteko laguntzak, laguntza zuzenak eta hobariak; beren jarduerak etetearen ondorioz izango dituzten galerak arintzeko. Udalak aurreikusitako dirulaguntzak Eusko Jaurlaritzak onartutakoekin bateragarriak izango dira. 

Horri dagokionez, Izaskun Gómez alkateak hitzeman du “udalaren esku dauden jarduketa guztiak bultzatuko dituela, ostalaritzari krisi hau gainditzen eta jarduera eta enplegua mantentzen laguntzeko”.