Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/04/22

Pasaiako hondakin organikoen edukiontziak irisgarriagoak eta erabilerrazagoak dira orain

Herriko hondakin organikoen edukiontzi guztiak berritzen ari da Udala, San Markorekin elkarlanean

Herriko hondakin organikoen edukiontzi guztiak berritzen ari da azken egunotan udala, San Marko Mankomunitatearekin elkarlanean. Esku-hartze honen helburua hondakin organikoen bilketa-sistema hobetzea da, bai herritarrentzako erabilera erraztuz, bai zerbitzuaren eraginkortasuna handituz. 

Edukiontzi berriek diseinu ergonomikoagoa dute, irisgarritasuna bermatzeko hobekuntzak barne, eta erabilera intuitiboagoa ahalbidetzen dute. Gainera, itxiera-sistema eguneratua dute, usainak eta intsektuen agerpena murrizteko, eta horrek ingurune garbiagoa eta atseginagoa sortzen laguntzen du.

Iraitz Pazos Ingurumeneko eta Zerbitzu eta Mantentze-lanetako zinegotziak zinegotziak honakoa adierazi du: “San Markorekin elkarlanean egiten dugun ekimena da, zerbitzua etengabe hobetzeko helburuarekin. Edukiontzi berriak irisgarriagoak eta erabilerrazagoak dira, eta espero dugu horrek oraindik birziklatzen ez duten bizilagunen erabilera sustatzea, eta egun erabiltzaile diren horiei erraztasun gehiago ematea”.

Guztira, 65 edukiontzi baino gehiago berritu dira udalerriko lau barrutietan, eta horretarako 80.000 euro inguruko inbertsioa egin da. Jarduketa hau azken urtean martxan jarritako hondakinen sailkapenerako estrategiaren barruan kokatzen da, birziklatze-tasak handitzea eta hondakinen bereizketa egokia sustatzea helburu dituena.

Pazosek azpimarratu duenez, “hobekuntza hauekin aurrerapauso bat eman dugu udal zerbitzuen kalitatean, bereziki hondakinen bilketan. Pasaia gero eta herri garbiagoa, jasangarriagoa eta arduratsuagoa izateko bidean kokatzen dugu, hori baita batera garena”.