Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/10/30

Pasaiako Udalak 2025erako Ordenantza Fiskal berriak onartu ditu

Hobariak aplikatuko dira etxebizitza hutsak alokairu publikoko programetan txertatzeko eta auto ekologikoagoetan inbertitzeko

Pasaiako Udalak urriaren 29ko osoko bilkuran 2025erako Ordenantza Fiskalak onartu zituen, %2,9ko eguneraketa orokorrarekin. Doikuntza horrek, Teo Alberro alkateak azaldu duenez, "funtsezko zerbitzu publikoen kalitateari eustea ahalbidetuko du".

Ildo horretan, pasaitarren bizi-kalitatea zaintzeko, azken hilabeteetan aplikatutako soldata-eguneratzeen azpiko igoera ezarri da, uztailetik uztailerako Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) erreferentziatzat hartuta.

Hutsik dauden etxebizitzak alokairuan jartzeko eta auto ekologikoagoetan inbertitzeko hobariak

2025erako tasetan nabarmendu diren berritasunen artean, Udalak %50eko hobaria ezarri du Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ), Bizigune eta ASAP alokairu-programetan sartzen diren etxebizitza hutsentzat. "Hutsik dauden etxe horiek bizilagunentzako baliabide bihurtzea nahi dugu, etxebizitza-aukera berriak jarriz pasaitarren eskura”, azaldu du alkateak. "Horregatik, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko hobaria bikoiztu dugu, horiek etxebizitza publikoen programetan inskribatzea sustatuz".

Gainera, Udalak trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren progresibotasunaren aldeko apustua egin du, auto ekologikoagoak erostea sustatzeko. Udal Gobernuaren arabera, "egungo hobariek ez zieten erantzuten larrialdi klimatikoaren eskakizunei".

Hala, gutxien kutsatzen duten ibilgailuek izango dituzte hobari handienak. Emisiorik gabeko edo motor elektrikodun ibilgailuek %50eko murrizketa izango dute zergan, eta hobari berriak sortu dira kilometroko 110gr baino gutxiagoko eta kilometroko 120gr baino gutxiagoko CO2 emisioak dituztenentzat ere (%30eko eta %20ko hobariak, hurrenez hurren). "Pasaia trantsizio ekosozialarekin konprometituta dago, eta mugikortasun iraunkorreko alternatibak sustatu nahi ditugu", adierazi du Alberrok.

Hondakinen kudeaketa hobea

2025erako proposaturiko beste aldaketetako batek hondakinen kudeaketa-tasari eragiten dio. Hori %15 handituko da zerbitzuaren kostua estali ahal izateko, 7/2022 Estatuko Legeak eskatzen duen bezala. Alberrok azpimarratu du doikuntza hori beharrezkoa dela legea betetzeko: "Igoera horrekin, hondakinak biltzeko eta kudeatzeko zerbitzuaren kostuak estaliko ditugu, defizitarioa izan ez dadin, baina azpimarratu nahi dut kudeaketa horren datuak hobetzea lortzen ez badugu, ez ditugula legeak ezartzen dituen helburuak beteko". Horrek ondorio zuzenak izango dituelarik Pasaiako ingurune naturalean eta herritar guztien bizi-kalitatean.

2025eko Ordenantza Fiskalek hobekuntza tekniko eta legalak ere jasotzen dituzte, zaharkituta geratu ziren araudiak eguneratzen dituztenak. Udalak ziurtatu du udal tasak berrikusten jarraituko duela, hurrengo urtean progresiboagoak izan daitezen. Batez ere, ekarpenak hobeto egokitu daitezen familia bakoitzaren egoerara, batez ere zaurgarrienera, eta Pasaia justuagoa eta ekitatiboagoa izan dadin.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizaleko iragarkia