Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/06/05

Ongizatearen Plaza Pasaiako lonjan izan da

Longebitatea, berdintasuna, elikadura osasuntsua, pantailak, gazteen ongizatea eta itsasoaren inguruko bizipenak mintzagai izango dituen espazio irekia da

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendoza Larrañagak, Ongizatearen Plaza ireki zuen atzo Pasai San Pedroko Lonjaren plazan, Teo Alberro alkatearekin batera egindako adierazpenen bitartez. Goizetik hasita, lehen jardunaldian, ongizate integralaren inguruko hainbat solasaldi, mahai-inguru eta jarduera parte hartzaile hartu zituen Foru Aldundiak antolatutako espazio berritzaile honek. Bertan, ostiral arratsaldera bitartean, mintzagai izango dira longebitatea, berdintasuna, elikadura osasuntsua, pantailak, gazteen ongizatea eta itsasoaren inguruko bizipenak, hala nola.

“Ongizate integralaren inguruan hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia da hau”, azaldu du Mendoza diputatu nagusiak, “pertsona guztien ongizate integrala” baita bere esanetan “komunitate eta lurralde bezala plazaren erdian jartzen asmatu behar dugun lehentasuna”. “Horretan ari gara Gipuzkoan”, berretsi du. Izan ere, gogoratu duenez, herritarren eta lurraldearen “egoera ekonomiko orokorra ona” bada re, pertsonei eragiten diguten “errealitate eta arazo sozial berriak areagotzen” ari dira gure artean, “buruko gaitzak, nahi ez den bakardadea, adikzio berriak” eta abar.

Errealitate horiek guztiek, diputatu nagusiaren iritziz, eskatzen dute gai horiei buruz mintzatzea eta gogoetak trukatzea. Horregatik eskaini nahi zaio, egitasmo honen bitartez, “plaza bat ongizate integralari”. Mendozak gogorarazi du gipuzkoar herri eta auzoetan “komunitatearen elkargune” direla plazak, “elkar entzuteko, elkarrekin egoteko eta ospatzeko” topagune, alegia. “Ekimen honen bitartez, hain zuzen ere, ongizatearen inguruan hitz egin eta, modu parte hartzaile eta ludiko batean, egunerokoan eta komunitate bizitzan urrats berriak emateko bideak partekatu nahi ditugu”, zehaztu du.

Horregatik guztiagatik, diputatu nagusiak gonbitea luzatu die pasaitarrei bertaratu eta Ongizatearen Plazan parte hartzeko. “Ongi egoteaz aparte, gipuzkoarrak ongi sentitzea nahi dugu. Gipuzkoar guztien ongizate integrala bultzatu nahi dugu, hori da Aldundiaren lehentasun nagusia”, azaldu du Mendozak.

Pasaiako alkateak, Teo Alberrok, azpimarratu du ongizatea ezin dela ulertu ikuspegi indibidual hutsetik, baizik eta komunitate sendo, zaintzaile eta kohesionatu baten baitan: “Pertsonen bizi-kalitatea ezin da egon soilik baldintza materialei lotuta; harremanek, zaintzek, berdintasunak eta komunitatearen babesak ere eragin zuzena dute gure ongizatean”, adierazi du. Alkatearen hitzetan, Pasaiak badu tradizio berezia auzolanaren, elkartasunaren eta komunitate-sareen inguruan, eta balio horiek gaur egungo erronkei erantzuteko ezinbestekoak dira. “Herri gisa, inor atzean ez uztea izan behar dugu helburu. Ongizatea eskubide kolektibo gisa ulertu behar dugu, eta erakundeok baldintzak sortu behar ditugu pertsona guztiek bizitza duina garatu ahal izan dezaten”, nabarmendu du.

Irekitzeko, Adinberrirekin saioa

Ostegun goizean Ongizatearen Plaza 10:00etan abiatu zen, Adinberri telebista saioaren gidari Iñigo Vicens prestatzaile fisikoaren eskutik, adinekoei zuzendutako ariketa fisikoa eta elikaduraren inguruko tartearekin. Tarte berean, Naia Rosek estimulazio kognitiboko saioa eskaini zuen eta Raquel Rodriguez mindfulnessean adituak ere hartu zuen parte. Goiz berean, 11:30etik aurrera, Autonomia eta prebentzioa zahartzaroan izenburupean solasaldia egin zen. Zaintzaren inguruko ikuspegi berriek autonomia, bizi-proiektua eta komunitate loturak jartzen dituzte erdigunean, pertsonak ahalik eta denbora gehienean bere etxean bizitzen jarrai dezan. Prebentzioaren garrantziaz ariko gara, eguneroko ohiturek, harreman sozialek eta komunitate sareek zahartzaro duin, aktibo eta autonomoa sustatzen nola lagun dezaketen hausnartuz.

Ostegun arratsaldean, Itsasoak eman eta kentzen digunari buruzko solasaldia egin zuten 17:00etan, kontuan izanda bizitzeko modu bat izan dela itsasoa Pasaian, belaunaldiz belaunadi. Lana, komunitatea eta nortasuna eraiki ditu, familietan eta herriaren memorian arrasto sakona utziz. Itsasoaren inguruko bizipenak eta errealitateak partekatu dituzte bertan, belaunaldi eta ikuspegi desberdinak elkartuz. Eguneko egitaraua borobiltzeko, 18:00etan, Zine Foruma egin zuten Nire gorputza, nire erabakia izenburupean. IKUSKA Pasaiako Badiako Film Laburren Nazioarteko Erakustaldiarekin elkarlanean, Ainhoa Urgoitia Santamariaren Orain zer? (2025, 14 min.) dokumentala proiektatu zen. Filmaren ondoren, gizarteak emakumeen gorputzaren gainean nola epaitzen duen, gorputzaren eraikuntzak nortasunean nola eragiten duen eta norberak bere gorputzaz hartzen dituen erabakiez eztabaidatu zen herritarrekin.

Ostiralean, hilak 5, gosari tailerra egingo dutu, elikadura osasungarria ardatz hartuta. Tailer praktikoa izango da, Elikaenearen eskutik egingo dena; tokiko eta sasoiko produktuekin gosari osasuntsuak prestatuko dira, elikadura kontziente eta jasangarriaren inguruko azalpenekin. Eguerdi partean, berriz, gazteen ongizatea mintzagai izango dugu 11:30etik aurrera. Sare sozialen erabilera, presio estetikoa, bullyinga, etengabeko konparaketa, bakardadea… Hiperkonexioaren eraginak ote dira soilik? Gazteak izango dira euren ongizatean eragina duten faktore desberdinak azaleratu eta eztabaidatuko dituztenak.

Arratsaldean, 17:00etan, Altxa Burua elkartearekin batera, Pantailen aroan, erabilera osasuntsuaz solas egingo dugu. Haurren ongizate emozionalean, sozialean zein fisikoan duten eraginagatik, mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko saio dinamikoa izango da, bereziki gurasoei bideratua. Amaitzeko, dagoeneko ohitura bihurtu den moduan, 18:30etatik 19:30etara, jan-edana eta musika lagun, giro informalean bi egunetako esperientziak partekatzeko modua izango dugu sagardo eta gazta dastaketarekin Euskal Sagardoaren eskutik, eta Arando Txiki abesbatzaren habanerekin goxatuz.

EGITARAUA

Ongizatearen plaza