Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/06/20

Pasaiak ongietorria egin dio Kanadako ordezkaritza bati udaletxean, lotura historiko eta kulturalak indartzeko

"Nao San Juan Kanadarako bidean" komitearen lehen bileran parte hartu dute

Ekainaren 19an Pasaiako Udalak ongietorri instituzionala egin dio Kanadako ordezkaritza adierazgarri bati, 2017an Labradorreko Red Bay-rekin ezarritako senidetze-harremana sendotzearren. Aintzane Taberna alkateordeak, Udal Gobernuaren ordezkari gisa, ongietorri ofiziala egin die gonbidatuei, eta bi komunitateen arteko loturen garrantzi historikoa eta etorkizunekoa azpimarratu du.

Osoko bilkuren aretoak hogeitik gora gonbidatu hartu zituen: Udal Gobernuko eta PSE-EE udal alderdiko ordezkariak, Kanadako enbaxadore eta ministroak, Espainiako Kultura Ministerioko legebiltzarkideak, eta Albaolako kideak.

Sinbolismo bereziko jardunaldian, Tabernak hartu zuen lehen hitza bertaratutako guztiei ongietorria emateko: "Gaur oso egun berezia da Pasaiarentzat, Kanadako ordezkaritza berezi bati ongietorria emateko ohorea baitugu. Bisita hau Labradorreko Red Bay-rekin dugun harremanaren isla da, 2017an formalizatutako gure senidetzeari esker", adierazi zuen.

Gainera, bi herrien arteko lotura historiko sakonak ekarri zituen gogora, eta aipatu zuen Pasaia izan zela euskal baleontzien abiapuntuko portu nagusia, eta Red Bay, berriz, harrera portu nagusia. Lotura historiko horiek indartu egin ziren UNESCOk 2013an Red Bay Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zuenean, eta 2015ean San Juan baleontziaren erreplikaren eraikuntza (Pasaian gauzatzen ari dena) babestu zuenean.

Udal ordezkariaren ondoren mintzatu ziren, hurrenez hurren, Wendy Drukier Kanadak Espainian duen enbaxadorea; Yvonne Jones Iparraldeko Gaietarako Parlamentuko idazkaria; Lisa Dempster Laborari eta Indigenen Gaietarako ministroa; eta Todd Russell NunatuKavut Komunitateko Kontseiluko presidentea. Guztiek nabarmendu zuten, nork bere esparrutik, Pasaia eta Kanadaren arteko lankidetza kultural eta diplomatikoaren garrantzia.

Wendy Drukier Kanadaren eta Pasaiaren arteko harremanaz mintzatu zen, lankidetza horrek lotura historiko eta kulturalak sendotzeko duen garrantzia azpimarratuz. Yvonne Jonesek eta Lisa Dempsterrek, berriz, indignen arloko proiektuekin eta lankidetzarekin eta Kanadako iparraldeko eskualdeekin zerikusia duten gaiak jorratu zituzten. Eta NunatuKavut komunitatearen izenean, Russellek bi eskualdeetako kultura- eta natura-ondarea babestu eta sustatzearen garrantzia azpimarratu zuen, komunitate indigenen tradizioak eta ezagutzak errespetatu eta baloratuko dituen lankidetzaren esparruan.

‘Nao San Juan Kanadarako bidean’ komitearen lehen bilera

Pasaian ongietorria eman ondoren, parte-hartzaile guztiak Gipuzkoako Foru Aldundira joan ziren 17:00etan, Nao San Juan Kanadarako bidean komitearen lehen bilerara. Foroaren helburua da San Juan euskal baleontziaren berreraikuntzaz eta 2026an Kanadara egingo duen inaugurazio bidaiaz hausnartzea. Bidaia horrek bi herrialdeen arteko lotura historiko eta kulturalak sinbolizatuko ditu.

Bileran Eusko Jaurlaritzako eta Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioko ordezkariek, Yvonne Jones eta Lisa Dempsterrekin batera, proiektuaren garrantzia eta lankidetzarako aukerak nabarmendu zituzten.

Albaolak Kanadara bidean proiektua aurkeztu zuen, eta, ondoren, parte-hartzaileek hausnartu zuten erakunde bakoitzak nola lagun dezakeen proiektuan.