Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2021/04/29

Ondartxo pasealekuko lanak esleitu dira

Lanak egiteko epea 4 hilabetekoa da eta 288.618 euro inbertituko dira

Izaskun Gomez, alkatea: "Obrek konponbidera hurbiltzen gaituzte, hartara pasaitarrek Ondartxoz segurtasun osoz gozatzeko aukera izan dezaten".

Aste honetan, Pasaiako Udalaren eta Construcciones Urdinberri S.L. enpresaren arteko kontratua formalizatu da, Ondartxo pasealekuan, San Pedro barrutian, ezpondak egonkortzeko obrak egiteko. Azken urteotan, hainbat lur-jausik kaltetu dute pasealekua; azkena, 2020ko martxoan izan zen.

Horren ondorioz, Pasaiako Portuko Agintaritzak oinezkoei bidea itxi zien, herritarren osotasun fisikorako arrisku nabarmena zegoelako. Izaskun Gomez alkateak azpimarratu duenez, obrak martxan jartzeak "konponbidea hurbiltzen gaitu, pasaitarrek Ondartxoz segurtasun osoz gozatzeko aukera izan dezaten".

Itxiera gertatu zen unetik bertatik, Pasaiako Udala buru-belarri aritu da lanean irtenbidea aurkitzeko, kudeatzeko eremu konplexu batean, batetik, jabe pribatu asko dagoelako, Udala ez baita inongo partzelaren jabe, eta, bestetik, kaltetutako mendi-hegalak konpontzeko kostu handiengatik. Egindako lana alderdien adostasunarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren lankidetzarekin gauzatu da, obrari ekiteko behar den finantzaketari dagokionez.

Ondartxo pasealekuan obrak kontratatu aurretik, Udalak azterketa geotekniko bat kontratatu zuen mendi-hegalen egoera ezagutzeko, eta, ondoren, proiektu bat idaztea kontratatu zuen irtenbiderik onena zehazteko eta obren lehiaketara deitzeko. 
Proposamenak aurkeztu zituzten enpresetatik, Construcciones Urdinberri S.L.rena izan zen eskaintzarik onuragarriena, eta horixe izan da hautatua. Nagusiki, 3 metroko altuerako hesi dinamiko bat instalatuko da pasealekuaren zati handi batean, bai eta jarduketa puntualak ere, aztertutako eremu bakoitzerako aldatzen direnak. Jarduera horiek ezpondak ziurtatuko dituzte eta Ondartxo pasealekua berriro irekitzea ahalbidetuko dute, herritarrei bidea irekiz eta Albaola Itsas Museora sartzeko aukera emanez. Obraren hasieran, kaltetutako azalera guztia kenduko da, langa jartzeko.

Egonkortze-lanek 288.618 euroko aurrekontua dute, BEZ barne, eta lanak egiteko 4 hilabeteko epea aurreikusten da.