Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2020/10/20

Pasaiako ondare geologikoa ezagutzera emateko lau hitzaldi

Urriaren 21, 22, 26 eta 28an lau barrutietan

Pasaiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuarekin batera, lau hitzaldi publiko programatu ditu, Pasaiaren ondare geologiko harrigarria modu erraz eta erakargarrian jendartean zabaltzeko. Pasaiako geologo Jose Mª Hernandez izango da hizlaria, eta saioak urriaren 21, 22, 26 eta 27an lau barrutietako kultur ekipamenduetan eskainiko dira.

Pasaia kokatuta dagoen arroken sorrera antzinako itsaspeko lautada sakon baten hondoan hasi zen, sedimentuak metatu zirenean. Geroago, material horiek gogortu, tolestu eta altxatu egin ziren, aire zabalean geratu ziren arte. Hala ere, ez ditugu prozesu horiek amaitutzat eman behar, izan ere, gaur egun oraindik ere jarraipena dute: arrokaren oxidazioa, higadura-prozesuek eragindako pikorren sakabanatzea, sedimentu berrien pilaketa, eta beste; eta etorkizunean arroka berri bihur litezke. Harrigarrizko edertasuna duen eta balio handiko ondarea den erregistro geologikoa da emaitza, eta dibulgaziorako ezaugarri ezin hobeak ere erakusten dira.

Eta horixe da, hain zuzen ere, Pasaiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuarekin elkarlanean, urriaren amaieran antolatutako dibulgaziorako hitzaldi-sorta honen helburua: udalerriak duen geodibertsitatearen altxorraren berri herritarrei ematea, betiere, ikuspegi didaktiko, atsegin eta irisgarri batetik. Horretarako, Pasaiako lau barrutietan eskainiko diren emanaldietan geologia-azalpenak gizarteratzeko, esperimentuak, arroka-laginak eta landa-irudiak erabiliko dira; baita Pasaiako azaleramendu ikusgarrienetan grabatutako bideo-sekuentziak ere.

Horrela, eleberri historiko batean bezala, lehen sedimentu-aleak itsas sakon batean metatu ziren unetik gaur eguneko babestutako badia sortu arte pasa diren 80 milioi urte baino gehiagotan zehar denbora-bidaia bat egingo dugu. Hitzaldiak gaztelaniaz eta euskaraz eskainiko dira, eta Jose Mª Hernández izango da hizlaria. Pasaitarra da, eta Euskal Herriko Unibertsitatean lortu zuen  Geologia Zientzietako Doktoretza. Ingurumen eta geologiaren esparruan dibulgatzaile moduan eskarmentu handia du, eta hainbat argitalpen zientifiko eta didaktiko ere kaleratu ditu.

Hitzaldiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira, eta egun eta leku hauetan izango dira.

  • Urriak 21an Donibanen,Juanba Berasategi espazio eszenikoan (Euskaraz)
  • Urriak 22an San Pedro, Udal Aretoan (Erti) (Euskaraz)
  • Urriak 27an Trintxerpen, Alkateordetzan (Gaztelaniaz)
  • Urriak 28an Antxon, Kultur Etxean (Gaztelaniaz)

Ekitaldiaren amaieran udalerriko arrokek erakusten duten ezagutza geologiko guztia biltzen duen "Arroken kontu harrigarriak. Pasaiako geologia didaktikoa" liburua jarriko da salgai. Argitalpen horretan azaltzen da arrokak non, noiz eta nola sortu ziren, zer mekanismogatik tolestu eta altxatu ziren, eta airepean daudenetik zer prozesu jasan duten aire zabaleko benetako museo bihurtu arte. Modu dibulgatzaile eta didaktikoan idatzitako lan horrek 200 argazki, irudi eta grafiko baino gehiago izateaz gain, mapa geologiko bat du txertatuta, eta  edukien artean, besteak beste, hiri-ibilbide geologiko bat egiteko nondik norakoak eskaintzen ditu. Horrekin guztiarekin arrokek zer kontatu nahi duten ezagutzeko gakoa ematen du.

Informazio gehiago behar izanez gero: pasaiakogeologia@gmail.com / 649 125 178