Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2021/10/13

Zozketa: Hilabete osorako ogia euskaraz erosteagatik

Oarsoaldeko okindegietan azaroaren 2ra arte

Urtero gremio bat hautatu eta hartan jartzen ditu euskarari bultzada egiteko indarrak Oarsoaldeko Euskara Batzordeak. Lan hori eskaintza bereziak eta ekimen bereziak antolatuz gauzatzen du. Jeneralean bi motako ekintzak egiten ditu: maiatz-ekainean establezimenduari begirako elementu edo euskarriren bat sortzen eta banatzen du, eta udazkenean, bezeroei eta erabilerari bideraturiko ekimen bat egiten du, zozketa, lehiaketa edo horrelakoren bat.

Aurtengo urrian, “Atera mamia euskarari!” kanpainari jarraituz, okindegietan euskaraz eskatzen duten bezeroei boletoak banatuko zaizkie. Bezeroak bere izena eta telefonoa jarri eta boleto horiek okindegi horretan jarritako kutxatxoan sartuko ditu. Azaroaren 5ean, eskualdeko herri bakoitzean boleto saridun bat aterako da eta hilabeteko ogia irabaziko du boletoa entregatu zuen bezeroak.

Epea urriaren 15ean zabalduko eta azaroaren 2ra arte sartu ahal izango dira boletoak kutxatxoetan.

Egin erosketa euskaraz eta zorte on!!