Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2019/01/16

Obrak Donibaneko J. J. Otaegi eskoletan

Eraikinaren irisgarritasuna bermatzeko, Gaztelekua egokitzeko eta baita eraginkortasun energetikoa eta konfort maila hobetzeko ere, berokuntza-sistema hobetuz

Donibaneko Gaztelekuaren irisgarritasuna hobetzeko eta lokala egokitzeko obren proiektua Aizpurua Arquitectosek idatzitakoa da, eta INDENORT PV S.L. enpresa ari da obrak egiten, 169.316,74 euroko aurrekontuarekin.

Besteak beste, barruko igogailua jarriko da, eraikinaren solairu guztietarako irisgarritasuna ziurtatzeko. Une honetan igogailuaren makineria jartzeko kofratua egiten ari dira.

Halaber, hirugarren solairuko gelak egokitzen ari dira, Donibaneko gazteentzako Gaztelekua bertan jartzeko.

Izaskun Gómez Pasaiako alkateak esan duenez: “ahalegin ekonomiko handia egiten ari gara udal instalazioek irisgarritasuna, erosotasuna eta gela egoki eta berrituak izan ditzaten erabiltzaileentzat, are gehiago udalerriko gazteek erabiltzen dituzten zerbitzuetan. Gaztelekuek eta antzeko zerbitzuek arrakasta itzela dute udalerrian, eta ezinbestekoa da instalazio egokiak izatea; horren adibide izan da Antxoko Gazteleku berria.

Eraikinean beste jarduketa bat ere egiten ari dira: berokuntza-sistema hobetzea, alegia. Hobekuntza horri esker, energia aurreztuko da eta eraginkortasuna handiagoa izango da, eraikinaren aire beroa berreskuratzeko aukera izango delako, eta instalazio berriak solairu bakoitza banaka berotzea ahalbidetuko duelako. Lehen, solairu bakarra erabili behar bazen ere, eraikin osoko berokuntza-sistema jarri behar zen martxan, eta alferrikako gastua egiten zen, gainera, horrek instalazioaren eraginkortasun energetiko eza zekarren.

Azkenik, Izaskun Gomezek azpimarratu nahi du, jarduketa handietatik haratago, berroneratzea “egunero-egunero" egiten dela hau bezalako jarduketekin. Izan ere, udal aretoak hobetzeko jarduketa hauek erakusten dute gizarte-berroneratzea hirigintza edo ekonomia arloko berroneratzeak bezain inportantea dela, eta Udalak era honetako berroneratzeak ere bultzatu behar dituela.

Udala jarduketa hau egiten ari da, udalerrian egiten ari den beste hainbat jarduketa bezala, Marisol Garmendiak zuzentzen duen Foru Aldundiko Lurralde Antolaketa eta Mugikortasun Sailarekin sinatutako 2018rako hitzarmenaren baitan.