Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/12/02
Udal Euskaltegia hobetzeko lanak egin dira
Leihoak aldatu, berokuntza-instalazioa berritu eta margotze-lanak egin dira

Pasaiako Udalak hainbat hobekuntza lan egin ditu Trintxerpen kokatuta dagoen udal euskaltegian azken asteetan. Berrikuntza lan horien helburu nagusiak dira euskaltegiko isolamendu termikoa eta akustikoa, eta berokuntza-instalazioaren jasangarritasuna eta efizientzia hobetzea.
Alde batetik, kanpoko arotzeria aldatu da, isolamendu termikoa eta akustikoa duten profilak eta kristal bikoitza berriak jarriz.
Gainera, berokuntza-instalazioa berritu da, berogailu zaharrak kendu ondoren. Horretarako, igeltserotza lanak ere egin behar izan dira. Instalazio berri horrek ekonomikoki energia kontsumoa 1/3an jaistea eragingo du.
Beste alde batetik, euskaltegi osoa margotu dute udal margolariek.
Arduradun politikoak asebete agertu dira egindako lanekin: “Euskaltegien egoera bermatzea ezinbesteko baldintza da euskararen normalizaziorako espazioak duintzeko. Trintxerpeko udal euskaltegia hobetzeko egindako lanek ikasleei eta irakasleei espazio atseginago, erosoago eta egokiago bat eskaintzen diete, eta horrek zuzenean eragiten du ikasketa-prozesuan” adierazi du Euskara zinegotzia eta Euskaltegiko lehendakaria den Laura Rek. Bestalde, Iraitz Pazos Obra eta Zerbitzutako zinegotziak gaineratu du “interbentzio hauek funtsezkoak dira udal eraikinen eraginkortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko. Arotzeria berriarekin eta berokuntza-sistemaren eraberritzearen bidez, energia-kontsumoa nabarmen murriztuko da, eta horrek eragin positiboa izango du bai ekonomikoki, bai ingurumenaren ikuspuntutik ere”.
Lan horiek egiteko 115.000 € + BEZa inbertitu dira.






