Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/01/14

Oarsoaldearen digitalizazioan eta TicketBAI-ren ezarpenean laguntzeko orientazio zerbitzua

Garapen agentziak doako orientazio-zerbitzu pertsonalizatua eskainiko die eskualdeko enpresa guztiei, eraldaketa digitalerako prozesuan eta TicketBAI sistemaren ezarpenean laguntzeko

Pandemiak aspalditik goraldian zetorren digitalizazio prozesua azkartu du. Iraultza digital hau dela medio, kontsumitzaileen joerak aldatzen ari dira eta, beraz, negozio-ereduak ere egokitu egin behar dira. Aldaketa horiek erronka handia izaten ari dira negozioentzat, batez ere hiri-ekonomia osatzen dutenentzat.

Era berean, TicketBAI sistema agertu da eszenatokian. Hiru foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak partekatutako proiektu honek iruzur fiskalaren aurka borrokatzea du helburu, eta jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona fisiko eta juridiko guztiak baldintza tekniko jakin batzuk betetzen dituen fakturazio-software bat erabiltzera behartuko ditu.

Hori dela eta, araudi honek digitalizaziorako bidean aurrerapauso bat ematera behartuko ditu establezimenduak. Gainera, une kritikoan dator, eta, batez ere, negozio ahulenentzat eta orain arte alderdi horretan aurrerapen handirik egin ez dutenentzat, aldaketa garrantzitsua suposatzen du, hala nola, hiri-negozioentzat. Digitalizaziorako lehen urrats honetan, oso garrantzitsua da inor atzean ez geratzea eta, oztopo beharrean, eraldaketa digitalerako aukera gisa ikustea komeni da sistema honen ezarpena. Halaber, honen harira zalantza asko sortzen ari dira enpresen artean.

Erronka horiei aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Lan Sailak kofinantzatutako BERPIZTU Oarsoaldeko laneratzeko poloa programari esker, Oarsoaldea Garapen Agentziak orientazio-zerbitzu pertsonalizatua eskainiko du, digitalizatzen eta TicketBAI sistema ezartzen laguntzeko.

Digitalizaziorako eta TicketBAI-ren ezarpenerako orientazio zerbitzua

Esan bezala, Oarsoaldea Garapen Agentziak, eraldaketa digitalean babesteko eta TicketBAI araudira egokitzen laguntzeko asmoz, eskualdeko negozioei orientazioa emateko eta kontsultei arreta orokorra emateko doako zerbitzu hau eskainiko du, hiri-ekonomian arreta berezia jarriz.

Hurbilekoa, konfiantzazkoa eta uneoroko jarraipena eskainiko duen zerbitzu pertsonalizatua izango da. Alde batetik, heldutasun digitalaren eta TicketBAI sistemaren inguruko egoeraren diagnostikoa egingo da, erantzuna eman beharreko gabeziak identifikatzeko. Diagnostiko horrek, hurrengo fasean, ibilbide-orri bat egiteko balioko du. Orri horretan, araudira egokitzeko irtenbide posibleak jasoko dira, eman beharreko urratsak eta hura ezartzea errazteko dauden laguntzak aurkezteaz gain. Era berean, negozioaren digitalizazio-mailaren inguruan identifikatutako beharrei erantzuteko dauden baliabideak azalduko zaizkio negozioari. Halaber, une oro laguntza emango da ezarpenean eta sortzen diren beharretan laguntzeko (diru-laguntzak izapidetzeko, prestakuntza-baliabideak, etab.).

Oarsoaldea eskualdeko garapen agentziatik, Miguel Angel Sanchez presidenteak zerbitzuarekin harremanetan jartzera animatu nahi ditu eskualdeko negozio guztiak, bereziki hiri-ekonomiakoak, digitalizaziorako eta sistema berrirako trantsizioa modu erraz eta orientatuan egin ahal izateko eta enpresak prozesu osoan zehar laguntza dutela senti dezaten.

Doako zerbitzua eskatu edo kontsultaren bat egin nahi duten eskualdeko enpresek formulario honen bidez egin ahal izango dute: https://www.oarsoaldea.eus/eu/digitalizazio-ticketbai-orientazio-zerbitzua