Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/11/08
Antxoko Gelasio Aranburu kalearen noranzkoa aldatu du udalak, trafikoa herrigunetik ateratzeko
Ibilgailuek zuzenean egin ahal izango dute Nafarroa etorbiderantz, herrigunea zeharkatu beharrik gabe
Udalak jakinarazi du Pasai Antxoko Gelasio Aranburu kalearen noranzkoa aldatu dela. Aurrerantzean, beraz, Oarso kaleko bidegurutzetik zuzenean Nafarroa etorbidera nahiz inguruko kaleetara egin ahalko dute ibilgailuek.
Moldaketaren asmoa, barrutiko alkateorde eta Mugikortasun zinegotzi Mikel Garcia Peñilek azaldu duenez, “trafikoa herrigunetik ateratzea” da. Orain arte, Nafarroa etorbidera, Blas de Lezora edota Gelasio Aranburura bertara joan nahi zuten ibilgailuek herrigunera sartu behar zuten lehenengo. Aldaketarekin, ordea, Ibaiondoko biribilgunetik datozen ibilgailuek Gelasio Aranburu kalea erabili ahalko dute zuzenean, erdigunera sartu gabe, aipaturiko kale horietara jotzeko.
Gure Zumardia kaleko 21-25 zatiaren noranzkoa (BM supermerkatua dagoen kalekoa) ere alderantzikatu da; alegia, lehen Hamarretxetatik Gelasio Aranburura zena, orain Gelasiotik Hamarretxetara izango da. Modu horretan, biribilgunetik datozen autoek, Oarsora sartu beharrik gabe, aukera guztiak izango dituzte zabalik: Hamarretxetara, Blas de Lezora, edo Nafarroa etorbidera joan ahal izango dira zuzenean.
Dagoeneko eginda dago zirkulazio aldaketa. Seinale bertikalak jada ezarrita daude noranzko berrien berri emateko, eta bide-marra horizontal zaharrak ezabatu dira, nahasketak ekiditeko.
“Garrantzitsua da gogoratzea Gelasio Aranburun garajeak daudela, eta beraz, asko direla egunean zehar bertara joan-etorriak egiten dituzten ibilgailuak”, gaineratu du Garciak. Udala sinetsita dagoela zirkulazioaren berrantolaketa honek onura ekarriko diela bizilagunei, “batez ere oinezkoei, erdigunean ibilgailuen zirkulazioa murriztuko delako”.