Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/07/06

Trintxerpeko jaietan nerabeek euren lekua hartu dute!

Trintxerpeko jaietan nerabeek euren lekua hartu dute!

Eskubidean planaren ekimenetako bat izan da ikasturte honetan haurrek eta nerabeek parte-hartze saioetan esku hartzea. Saio horietan hartu dute parte Karmengo Amako DBH3ko ikasleek euren interesekoak diren gaiak jorratzeko. Haiek aukeratutako gaietako bat jaiena izan da, eta, ondorioz, Trintxerpeko jaietarako gazteentzako egitarau bat antolatu dute, eta haien adinekoentzat gustuko diren ekintzak txertatu dituzte. Jaietan gazteei ahotsa eta hitza eman nahi izan zaie, eta herria hobetzeko proposamenak landu dituzte. Kolektiboan lan egin ondoren, honako hau izan da adostu duten emaitza: kirol txapelketaren barruan futbol eta saskibaloi partidak antolatzea 12 eta 16 urte bitartekoentzat; Holly festa egitea eta DJ Oihan Vegarekin jaietan gozatzea. Horiek horrela, nerabeei Eskubidean programaren parte-hartze sisteman ahotsa eta hitza eman zaie eta ikasturte honetan herria hobetzeko proposamenak landu dituzte.

Jai batzordea ezagutu, eta bertan hartu dute parte

Trintxerpeko Jai Batzordean ere izan dute gazteek tokia, izan ere gazteek beren egitaraua aurkeztu dute, eta Jai Batzordea ezagutzeko eta bertan parte hartzeko aukera izan dute. Zein eragilek parte hartzen duen ikusi dute, eta zein funtzionamendu duen eta aurrekontua nola osatzen den aztertu dute. Halaber, gazteentzat nahiz gainerako partaideentzat beharrak zeintzuk diren jakitea oso aberasgarria izan da, iritziak trukatzeko eta elkarrekin harremana izateko aukera izan baitute.

Karmengo jaietako kirol txapelketan izena eman behar da

Partidak Trintxerpeko Aranederreko pistetan izango dira uztailaren 15ean eta parte hartzeko izen-ematea uztailaren 8an izango da Aranederreko pistetan goizeko 10:30etik 13:00etara. Pistetara bertaratu ezean, eskubidean@pasaia.net helbidera bidali behar dira partaideen izen-abizenak eta jaiotze-urtea uztailaren 11 baino lehen. Bi txapelketa izango dira:

  • 3x3 saskibaloia 
  • 5x5 futbola

Partaideak 2006 eta 2009 urte artean jaiotakoak izango dira, eta mistoak izan daitezke. Emakumezkoak diren taldeak euren artean lehiatuko dira. Ezaugarriak eta araudia.

Horrenbestez, anima zaitezte, eta gora Trintxerpeko jaiak!