Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/11/21

Etor zaitez pertsona nagusien beharrei buruzko diagnostiko-saio irekian parte hartzera

Azaroaren 28an, Trintxerpeko alkateordetzan 16:30etik 18:30era

Pasaiako Udalak aurrera jarraitzen du 65 urtetik gorako biztanleen beharrak eta dinamikak hobeto ulertzeko diagnostiko integralean, pertsona nagusien bizi-kalitatea hobetzeko politika eta programa eraginkorragoak garatzeko helburuarekin.

Aintzane Taberna Gizarte Ekintzako zinegotziaren ustez “diagnostiko honen baitan beste bilera ireki bat antolatu dugu azaroaren 28an, Trintxerpeko alkateordetzako aretoan, 16:30etik 18:30era. Bertan parte hartzeko gonbidapena egin nahi diegu herritar guztiei, pertsona nagusien bizi-baldintzak eta haien eguneroko erronkak hobetzeko konpromisoa duten guztiei”.

Diagnostiko-prozesu hau uda aurretik abiatu zen, Bizipoz kooperatibaren laguntzarekin, eta orduz geroztik, herriko lau barrutietan (Antxon, Trintxerpen, San Pedron eta Donibanen) pertsona nagusien elkarteekin bilerak egin dira. Saio horietan parte-hartzaileek beren iritziak eta proposamenak partekatu zituzten, udalerriko pertsona nagusien behar eta interesen gaineko informazioa biltzeko.

Azaroaren 28ko bilera irekian Pasaiako Udalak herritar guztiei parte hartzeko eta ekarpenak egiteko aukera eskaini nahi die, azken txostena osatzeko eta diagnostikoaren emaitzak hobetzeko. Saio honek Pasaiako pertsona nagusien beharrak hobeto ulertzea eta udal politikak eraginkorrago egitea ahalbidetuko du. “Herritarren inplikazioa bultzatuz, Udalak pertsona nagusien bizi-kalitatea hobetzea eta udalerriko gizarte-sarea indartzea du helburu” gaineratu du Tabernak.

Bileran honako gai hauek landuko dira: hobekuntza-arloak, jubilatuen elkarteentzako eta gizarte-eragileentzako erronkak, zerbitzu soziosanitarioak, pertsona nagusien pertzepzioak, kultura-, hezkuntza-, aisia- eta kirol-eskaintza, belaunaldien arteko harremanen sustapena eta nahi ez den bakardadearen prebentzioa.