Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2021/05/05

Abiadura-mugaren murrizketa Antxoko Nafarroa etorbidean

Maiatzetik aurrera 30Km/h-koa izango da

Maiatzetik aurrera abiadura-muga 30Km/h-koa izango da Nafarroa etorbidean; egun muga 50 Km/h-koa da. 

Izaskun Gómez, alkatea: “abiadura-muga murriztea eta seinalizazioa dira Antxoko errepideetan segurtasuna hobetzeko modurik eraginkorrenak”.

Nafarroa etorbidearen inguruan bide-segurtasuna hobetzeko eta zirkulazio-istripuak nabarmen murrizteko, Pasaiako Udalak abiadura-muga orduko 30 km-ra murriztea erabaki du. Neurri horren helburua da ezbehar-kopurua murriztea eta kolektibo ahulenak babestea, haurrak eta adinekoak, bereziki. Abiadura-muga berria maiatzean sartuko da indarrean, eta, horrekin batera, seinaleak hobetuko dira, seinale osagarriak jarriko baitira leku estrategikoetan, legez kanpoko maniobrak eta maniobra arriskutsuak saihesteko. Izaskun Gomez alkateak honakoa adierazi du: “abiadura-muga murriztea eta seinalizazioa dira Antxoko errepideetan segurtasuna hobetzeko modurik eraginkorrenak”.

Orain arte, muga 50 km/h-koa zen, baina Zirkulazio Erregelamendua aldatzen duen 970/2020 Errege Dekretuak, 2021eko urtarrilaren 2an indarrean jarri zenak, abiadura 30 km/h-ra murriztea ahalbidetzen du herri barruko bideetan eta zirkulazioaren noranzko bakoitzeko errei bakarreko zeharbideetan.  Errege Dekretuaren 50.5. artikuluan hau ezartzen da: "Zeharbideetako abiadura-muga orokorra 50 km/h-koa da mota guztietako ibilgailuentzat. Muga hori murriztu ahal izango da Udal Agintaritzak bidearen titularrarekin hala adosten badu, aldez aurretik berariazko seinaleztapena eginda ". Antxoko barrutiko Nafarroa etorbidetik zirkulatzen duten ibilgailuen abiadura-mugari eragiten dion aldaketa hori maiatzean sartuko da indarrean.