Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/05/22

Musikaz Blai Trintxerpera itzuliko da musikaz eta dantzaz jositako edizio berri batekin

Musika-zikloak XVI. edizioa izango du, eta sei jarduera-jardunaldi antolatu dira ekainaren 4tik 23ra bitartean

Serafin Esnaola plaza Trintxerpeko musika-gune bilakatuko da berriz ere, Musikaz Blairen XVI. edizioaren ospakizunarekin. Musikaz Blai Illumbe Musika Elkarteak bultzatutako kultura-zikloa da, Pasaia Musikal Udal Musika Fundazio Publikoaren eta Pasaiako Udalaren babesarekin. Jardunaldi horiek Juanje Neira Pasaiako Udal Musika eta Dantza Eskolaren, Euskal Herriko Txistularien Elkartearen eta Gipuzkoako Dantzarien Biltzarraren laguntza ere izango dute.

XVI. edizioaren egitaraua eta berrikuntzak honako hauek aurkeztu dituzte: Laura Ré Kulturako zinegotzia, Juanje Neira (Illumbe Musika Elkarteko presidentea), Josu Elberdin (Illumbe Abesbatza), Itziar Fernández eta Maialen Martinez (Pasaia Musikal / Juanje Neira Pasaiako Udal Musika eta Dantza Eskola), Antton Mendizabal (Gipuzkoako Dantzarien Biltzarra) eta Marieli Goienetxea (Dantza Lehiaketako laguntzailea).

Aurten ere, jaialdiaren helburu nagusia da musika eta dantza herritarrei hurbiltzea, adierazpen artistiko horiek ezohiko espazio publikoetara eramanez.

Laura Rék Musikaz Blai bezalako ekimenen garrantzia nabarmendu du, "musika eta kultura kalera hurbiltzen dutelako, bizitza komunitarioa indartzen dutelako eta musikaren eta dantzaren bidez belaunaldien arteko topaguneak eskaintzen dituztelako". Era berean, azpimarratu duenez, "ziklo mota horiek funtsezkoak dira Pasaiako kultura-nortasuna bizirik mantentzeko eta udalerriko musika-elkarte eta -eskolek urte osoan egiten duten lan eskerga babesteko".

Musikaz Blai Pasaiako erreferentziako ziklo kultural gisa sendotu da bere hamasei edizioetan, Trintxerpe auzoa dinamizatzeko eta belaunaldi guztien artean euskal musika eta dantza sustatzeko duen gaitasunagatik aitortua.

Egitaraua

Aurtengo egitaraua ekainaren 4an (osteguna) hasiko da, Juanje Neira Pasaiako Udal Musika eta Dantza Eskolaren emanaldiarekin. Serafín Esnaola plazan izango da 17:30ean: Euskal Dantzako ikasleek, Gazte Musika Bandak, metalen taldeak, gaitako ikasleek eta perkusio-taldeak jardungo dute.

Ekainaren 5ean, ostiralean, Serafín Esnaola plazan, 17:00etatik aurrera, Juanje Neira Pasaiako Udal Musika eta Dantza Eskolako ikasleen konboen jaialdia egingo da. Aldi berean, 18:00etan, trikiti eta panderoko ikasleek kalejira egingo dute barrutiko kaleetan barrena. Jardunaldiari amaiera emateko, Disdira elkartea aurkeztuko da, konboen jaialdiaren amaiera gisa.

Disdira, tokiko taldeen lankidetza-sarea

Disdira Pasaiako oinarrizko musika-taldeak biltzeko eta haiei euskarria emateko sortu da. Helburua da tokiko taldeen arteko lankidetza-sare bat sortzea, haien jarduera indartzeko, baliabideak partekatzeko eta udalerriko musika-eszena elkarrekin proiektatzeko.

Ekainaren 6a, larunbata, jarduerez betetako eguna izango da. Alde batetik, 12:30ean, Illumbe Akordeoien Orkestrak jardungo du; 13:30ean, Illumbe Musika Bandaren txanda izango da, eta 18:00etan, Haurren Gipuzkoako Dantza Txapelketaren 70. edizioa egingo da. Aurten, Josetxo Dominguez Larrañagari omenaldia egingo zaio, txapelketa horren sustatzailea baita, besteak beste.

Jardunaldia 20:00etan itxiko da, Dinbi Danba taldearen emanaldiarekin.

Ekainaren 7an, igandean, Txistularien XVII. Alardea izango da, zikloaren une esanguratsuenetako bat. 12:00etan txistulari-kalejira abiatuko da Euskadi etorbidean barrena, eta 12:30ean Serafín Esnaola plazan alardea hasiko da, eta bertan parte hartuko dute Euskal Herriko 11 musika-eskolatako txistulariek, metalen eta perkusioen taldeak, Illumbe koruak, Ibaiertz koruak eta Juanje Neira Pasaiako Udal Musika eta Dantza Eskolaren dantzariek.

Egitarauak ekainaren 13an jarraituko du, larunbatean, Illunbe Orkestra Sinfonikoaren kontzertuarekin, Trintxerpeko Karmengo Amaren elizan, 20:00etan.

Zikloa ekainaren 23an (asteartea) itxiko da, San Joan bezperan. Ekitaldiak 20:30ean hasiko dira, Euskadi etorbidean, eta, ondoren, Gernika plazan izango den zuhaitz eta suaren inguruan dantzatuko da.

Udal gobernutik urtez urte Musikaz Blai posible egiten duten kultur eta hezkuntza elkarteen konpromisoa balioan jarri nahi izan dute, honelako ekimenek “kulturaren bidez udalerri biziagoa, parte-hartzaileagoa eta kohesionatuagoa eraikitzen laguntzen dutela” nabarmenduz.