Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/06/04

Musikaz Blai Trintxerpen ekainaren 6tik aurrera

15. edizioan musikaz gain, dantza txapelketa bat ere izango da

Euskal herri osotik etorritako 400 musikari baino gehiago elkartuko ditu Musikaz Blairen 15. edizioak. Illunbe elkarteak Pasaia Musikalaren laguntzarekin antolatzen duen jaialdia ekainaren 6an hasiko da. Ekitaldi gehienak Trintxerpeko Serafin Esnaola plazan izango dira; hortaz, jaialdia hasierako kokalekura bueltatuko da Adinberriko obren ondorioz. Ekainaren 6tik 9ra izango diren 7 ekitaldiez gain, hilaren 23an ere San Joan bezperan ez da musika faltako.

Aurkezpenean Aitor Brion Kultura zinegotzia,  Juanje Neira Illunbeko presidentea eta Xabier Mendizabal Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko presidentea izan ziren, Pasaia Musikaleko hainbat kiderekin batera.

Aurtengo berritasunen artean euskal dantzari emango zaion bultzada aipatu zuten. Izan ere Gipuzkoako dantza askatuko 68. haurren txapelketa izango da Trintxerpen ekainaren 9an. 16 urtetik beherako 8 bikote lehiatuko dira sariaren bila.

Illunbe eta Ibaiertz abesbatzez gain, besteak beste, metal taldeak, perkusio jotzaileak edota eskolako dantza taldeak ikusteko aukera izango dute pasaitarrek.

Aipagarria da txistulari alardearen 15. edizioak 180 lagun batuko dituela datorren igandean, ekainaren 9an, Pasaia Musikaleko txistu irakasle María José Gaztelumendik zuzenduta.

15. urteurrena izanik, gainera, Trintxerpeko danborrada bakoitzeko hiru kide gonbidatu dituzte alardean parte hartzera, Trintxerpeko martxa interpretatuz alardea itxi dezaten.

Agerraldian Neirak gogorarazi zuen 2007an Illunbek ikasle eta taldeen lana kalera ateratzeko aukera bazela proposatu zuela, ordura arte jarduera gehienak espazio itxietan egiten baitziren. “Harrezkero, asko izan dira gogoratzeko moduko emanaldiak”, ziurtatu zuen. Bestalde, Brionek programatutako kontzertuez gozatzera animatu zituen pasaitarrak.