Eduki publikatzailea

Gomendioak atseden hartzeko eskubidea eta balkoietako musika uztartzeko

Udaltzaingoaren jarraibideak

Konfinamenduko egunetan barruti guztietako bizilagunen artean boladan jarri dira balkoietako musika-kontzertuak. Zalantzarik gabe, pasaitar askok biziki eskertzen dituzte gure bizilagun askoren jarduera artistiko horiek, egoera hau hobeto eramaten laguntzen dutelako.

Hala ere, pasaitar askok eta askok lanera joan behar dute, eta gaixo daudenak ere kontuan hartu behar ditugu. Hori dela eta, Udaletik eta Udaltzaingotik eskatzen dugu zentzuz jokatzeko, eta oreka bat lortzeko, bizilagunekin aisialdi eta sozializazio une batzuez gozatu nahi duten herritarren eta atsedenerako eskubidea galdegiten dutenen artean.

Oreka hori bilatu nahian, Pasaiako Udaltzaingoak honako jarraibide hauek ematen ditu:

  • Ezaugarri horiek dituen edozein jarduera mugatu egin beharko da denboran eta dezibeliotan.
  • 20:00etatik aurrera gehienez ere 30 minutuz luzatuko da.
  • Udaltzainek ateratako zarata-mailak egiaztatu ahal izango dituzte, eta itzaltzeko edo zarata mugatzeko eskatu ahal izango dute, ikusita kasu bakoitzeko egoera zein den.
  • Ezingo da kale edo eremu bakoitzean musika-ekipo bat baino gehiago egon; hartara, interferentziarik edo lehiaketarik egon ez dadin.
  • Nolanahi ere, lehentasuna emango zaie zuzeneko ikuskizun eta kontzertuei, eta izaera artistikoa dutenei.
  • Kexak jasoz gero, identifikatu egin beharko dira kexa-jartzaileak eta kexaren arrazoiak azaldu; udaltzainek bitartekaritza-lana egin eta bi aldeentzat onargarri izan daitekeen aterabidea lor dezaten.

Ziur gaude guztion artean konfinamendu-egoera hau ahalik eta ondoen eramango dugula, entretenimendurako eta atseden hartzeko eskubideak errespetatuz. Horregatik, espero dugu barruti guztietako pasaitarrek jarraibide hauek kontuan hartu eta errespetatzea.