Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/09/30
San Pedroko 40. Musika eta Abesbatza astea aurkeztu da
Musika koraletik hasi eta ganbera-musikarainoko proposamenak izango ditu

Ondartxo kultur elkarteak, “Pasaia Musikal” Udal Musika Fundazio Publikoaren laguntzarekin, kontzertu ziklo berezi bat antolatu du 2025eko urrian eta azaroan Pasai San Pedroko parrokian.
Programak musika koraletik ganbera-musikarainoko proposamenak biltzen ditu, eta Santa Zeziliaren ospakizun bereziarekin borobilduko da. Kontzertu guztiek doako sarrera izango dute, edukiera bete arte.
Aitor Brion Kulturako eta Ondareko zinegotziak adierazi duenez, “udazkenaren hasieran musikaz hitz egitea San Pedroko Musika eta Abesbatza Asteaz hitz egitea da. Ziklo honek lau hamarkada betetzen ditu, eta, urtero, gero eta kalitate handiagoko programazioa eskaintzen du, jende asko erakartzen duena barrutira”.
Bestalde, Gorka Miranda Pasaia Musikaleko zuzendariak azpimarratu duenez, “aurtengo egitaraua bereziki anitza eta erakargarria da eta, beti bezala, San Pedro parrokia izango da eszenatoki nagusia. Bere edertasunak eta akustikak kontzertu bakoitzaz gozatzeko marko paregabe bihurtzen dute.”
Programazioa:
Kanta Cantemus Abesbatza – “Bidegurutze”
2025eko urriaren 11n, 20:00etan
San Pedroko parrokian
Zuzendaria: Eva Ugalde
1995ean Javier Bustok sortua, hainbat jaialdi eta lehiaketatan parte hartu du. Gaur egun, Eva Ugalderen zuzendaritzapean, klasikotik garaikidera doan errepertorioa lantzen du, musikarekiko pasioa eta sormen-lankidetza uztartuz.
EASO Sinfonietta – “Dvořák & Ravel”
2025eko urriaren 17an, 20:00etan
San Pedroko parrokian
Donostiako orkestra ez-profesionala, EASO abesbatzarekin lotua, tokiko musikari gazteek osatua.
Kantu-errezitala: Lorea López (sopranoa) & Lucía Arzallus (pianoa).
2025eko azaroaren 7an, 20:00etan
San Pedroko parrokian.
Bi artista gazte donostiarren ibilbide bikaina Europako eszenatokietan eta Musikenen.
Ganbera-kontzertua: Karmele Castillo (biolontxeloa) & Nadiia Stadna (pianoa).
2025eko azaroaren 8an, 20:00etan
San Pedroko parrokian
2013an Parisko CNSMDn sortutako bikote gaztea, musika klasiko eta garaikidean espezializatua.
Santa Zezilia 2025 ospakizuna: omenaldia Antxoko Bandari bere 100. urteurrenean.
2025eko azaroaren 22an, 17:30ean
San Pedroko parrokian
Ekitaldi instituzional eta musikala, Pasai San Pedroko kultur eragileen parte-hartzearekin, udalerriko bizitza musikal eta kulturalarekiko konpromisoaren erakusgarri.
“Bereziki eskerrak eman nahi dizkiegu Ondartxo Abesbatza Elkarteari eta Pasaia Musikal Udal Fundazioari, egindako antolakuntza lan neketsuagatik, eta batez ere Jose Ignacio Elortegiri, zikloaren arima nagusiari; izan ere, hark diseinatzen du zikloa mimo handiz, eta urtez urte hura hobetzeko grina etengabea erakusten du. Bere lanak Pasaiako musika komunitate osoaren aitorpena merezi du” amaitu du Kultura eta Ondare zinegotziak.






