Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/09/08

Erabilera, zirkulazio eta mantentze ikastaroak eta bizikletari buruzko erakusketa izango dira mugikortasun astearen ardatzak

Irailaren 12tik 25era

Europako Mugikortasun Astean bizikletaren erabileraren, zirkulazioaren eta mantentzearen inguruko jarduerak antolatuko dira Pasaian, eta erakusketa bat ere egingo da, ibilgailu horrek urteetan zehar izan duen bilakaera ikusi ahal izateko. Izaskun Gomez Pasaiako alkateak adierazi du Mugikortasun Asteak aukera paregabea ematen duela gogorarazteko “bai bizikletan eta bai oinez ibiltzea aukera ezin hobeak direla gure eguneroko joan-etorrietako asko modu jasangarrian egiteko, CO2 igorpenak murriztuz, eta herritarren ekonomiarentzat aurrezpen garrantzitsuak lortuz". Hori dela eta, Udalak bizikleta ahalik eta gehien bultzatu nahi du mugikortasunerako aukera gisa, erabilera-oztopoak kenduz eta pasaitar guztiei sarbidea erraztuz.

Europako Mugikortasun Astea kontzientziazio-kanpaina bat da, herritarrak garraio publikoaren eta bizikletaren erabileraz eta oinezko garraioaz sentsibilizatzeko, eta Europako herriak garraiobide horiek sustatu ditzaten bultzatzeko. Hilaren 16tik 22ra egiten den astea irailaren 12tik 25era luzatuko da Pasaian, ondoren zehazten diren jardueretan parte hartu nahi duten pertsonei parte hartzeko aukera gehiago eskaintzeko.

1. Bizikletan ibiltzen ikasteko helduentzako ikastaroak

Pasaiako Udalak antolatzen ditu, Gipuzkoako Mugikortasun Departamentuarekin batera, eta Trintxerpe Atletiko Klubaren laguntza teknikoarekin. Hastapeneko ikastaroak irailaren 12tik 23ra bitarte izango dira Trintxerpen eta helduei zuzenduta daude. Izen-ematea doakoa da, eta HAZen edo formulario honetan eman daiteke izena osteguna arte. Ikastaro bakoitzean 10 leku izango dira, eta izen-emate hurrenkeraren arabera esleituko dira. Lehentasuna izango dute 0 mailako pertsonek eta aurreko urteetan parte hartu ez dutenek. 

2. Eskualdeko bidegorri-sarean bizikletaz ibiltzeko tailerra.

Hitzordua irailaren 25ean izango da 10:00etatik 13:00etara, eta Antxoko Ibaiondo frontoitik irtengo dira. Tailerrean parte hartzeko beharrezkoa izango da bizikletan gutxieneko maila bat izatea. Izen-ematea doakoa da, eta HAZen edo formulario honetan eman daiteke izena osteguna arte. Ikastaroan 15 plaza izango dira, eta izen-emate hurrenkeraren arabera esleituko dira. Parte hartzen dutenek beren bizikleta, kaskoa, ura eta hamaiketako eraman beharko dituzte.

3. Prestatu zure bizikleta.

Mugikortasunaren Europako Astea dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak bizikletaren erabilera sustatzeko kanpaina bat antolatuko du, eta, horretan oinarrituta, aste horretan zehar, tailer-kamioi bat jarriko da martxan, bizikleten oinarrizko konponketak eta dekorazioa (pintura, pegatinak, etab.) doan eskaintzeko. Trintxerpeko Gernika plazan izango da irailaren 19an 15:00etatik 21:00etara.

4. Erakusketa: Bizikletaren bilakaera

Aipatutako tailerraz gain, Trintxerpe Atletiko Klubak jendaurrean jarriko ditu zenbait bizikleta-modelo, ibilgailu horrek historian zehar izan duen bilakaera ikusteko: klasikoenetatik hasi eta egun erabili ohi ditugunetaraino. Erakusketa Gernika plaza inguruan jarriko da irailaren 19an.

5. Bizikletak mailegatzeko doako zerbitzua erabiltzea

Mugikortasun astean (irailaren 12tik 25era) bizikletak mailegatzeko zerbitzua dohainik erabili ahal izango da. Horretarako, beharrezko informazioa eta xehetasunak emango dira udalaren webean eta abian dauden mailegu-puntuetan:

  • Donibaneko kirolgunea
  • Trintxerpeko kirolgunea
  • Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Saila