Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/04/28
Pasaiako Turismo Bulegoan Mugi txartelak erosi eta birkargatzeko aukera
Bisitariei zein eskualdeko herritarrei garraio publikoa erabiltzea errazteko helburuarekin.

2026ko martxoaren 30az geroztik, Errenteriako eta Pasaiako Turismo Bulegoak MUGI txartel anonimoen salmenta eta birkarga egiteko puntu bihurtu dira, bisitariei zein eskualdeko herritarrei garraio publikoa erabiltzea errazteko helburuarekin.
Zerbitzu hau mugikortasun jasangarriagoa sustatzeko eta garraio publikoaren erabilera errazteko helburuarekin jarri da martxan, Oarsoaldea Garapen Agentzia eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketa sailaren arteko elkarlanari esker.
MUGI txartel anonimoa garraio publikoan ibiltzeko aukera merke eta malgua da. Txartel horrekin Gipuzkoako hiri barruko eta hiriarteko autobusak, Euskotren, Renfe Cercanías eta Pasaiako motora erabil daitezke, eta bidaia bakoitzean % 60ko deskontua aplikatzen da.
Txartel honen ezaugarri nagusietako bat da ez dagoela inori lotuta: edonork erabil dezake, ez du inolako dokumentaziorik behar eta, gainera, aukera ematen du autobusetan eta Pasaiako motoran txartel bakarrarekin hainbat pertsonaren bidaia ordaintzeko (gehienez 9 pertsona), taldean edota familian bidaiatzeko oso egokia izanik.
Turismo bulegoetan eskaintzen den zerbitzuari dagokionez, erabiltzaileek honako aukera hauek dituzte:
- MUGI txartel anonimoa erostea: txartelaren kostua 5 eurokoa da, eta 5 euroko multiploetan kargatu daiteke.
- Birkarga zerbitzua: txartel anonimoak ez ezik, MUGI txartel pertsonalizatuak ere kargatzeko aukera dago.
Honela, herritarrek zein bisitariek aukera dute zerbitzu berri hau erabiltzeko turismo bulegoen ordutegi zabala baliatuz: asteartetik larunbatera 10:00-14:00 / 16:00-18:00 eta igandeetan 10:00-14:00. Uztaila eta abuztuan berriz, egunero zabalik daude 9:30-14:30 / 15:30-18:30 ordutegian.
Oarsoaldea Garapen agentziaren turismo sailetik, herritarrak gure turismo bulegoetara hurbiltzera gonbidatzen dituzte, MUGI txartelarekin kudeaketak egiteko eta, bide batez, etxetik gertu ditugun altxor eta planen berri izateko.
ERRENTERIAKO TURISMO BULEGOA
Madalen kalea, 3
943 494 521 / turismoa@oarsoaldea.eus
PASAIAKO TURISMO BULEGOA
Donibaneko kulturgunea. Donibane kalea, 1
943 341 556 / turismoapasaia@oarsoaldea.eus






