Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/05/06
Moliño Trail festarako prest, Antxon
Maiatzaren 9an izango da eta trafikoan eragina izango du
Maiatzaren 9an Moliño Festa antolatu du Antxoko Topaguneak, Pasaiako Udala, Bokale, Papineko Gazteria eta Txinparta guraso taldearen laguntzarekin. Egunean zehar hainbat ekimen izango dira, eta jarduera nagusia Moliño Trail mendi lasterketa izango da.
Moliñomari Topaguneak sortutako herriko pertsonaia bat da. Topagunearen baloreak (feminismoa, euskara eta parte-hartzea) gorpuzteaz gain, naturaren zaintzaren eta ekologismoaren kontzientzia pizten du herritarrengan. Bera da Molinaoko zaindaria, eta omenaldi polita iruditu zaio Topaguneari bere izena inguru horretatik pasako den lasterketa bati jartzea.
Ekitaldiak, gainera, helburu anitz biltzen ditu bere horretan: herritarren parte-hartzea, auzolana, espazio publiko naturalen balioa, ingurumenaren zaintza edota dinamizazio kulturala eta soziala.
Mendi lasterketa
12 kilometroko proba bat da, 350 metroko desnibel positiboarekin. Irteera eta helmuga Ibaiondo plazan kokatuko dira.
Molinaotik barrena, San Marko gotorlekuari bira eman eta Antxora bueltatuko dira parte-hartzaileak.
Horren osagarri, familientzako irteera proposatu dute San Markora, denak elkarrekin igo, hamaiketakoa hartu eta parte-hartzaileak txalotzeko.
Aldaketak trafikoan
Pasaiako Udaltzaingoak erregulatuko du trafikoa:
- Lasterketa 10:00tatik 12:15 arte izango da. Irteera Ibaiondo frontoiko zebra bidetik egingo da eta Gelasio Aranburu kalea hartuko dute trafikoaren noranzkoaren aurka. Horretarako, eremu horretako trafikoa erregulatuko da 09:50 – 10:05 bitarte eta 10:45 – 12:15 artean.
- Luzuriaga atzeko aparkalekuan ere trafiko mozketak izango dira ordutegi berean.
Aparkalekuak
Kanpotik etor daitezkeen parte-hartzaileei garraio publikoa erabiltzeko deia egiten zaie. Hala ere, antxotarren egunerokoan ahalik eta eragin gutxiena izatearren, behin-behineko aparkaleku bat egokituko da: Lizeoaren kanpoko kirol zelaia (Usoz).
Egun osoko egitaraua
Egitarauaren erdigunea Molinao izango da, hori dela eta, futbol zelaian izango dira ekintza gehienak. Eremua txukuntzeko auzolana egingo dute eta belarra moztuko dute.
- Lasterketa egiten den bitartean, Moliñomariren bila jarduera egingo dute, Txinparta Guraso Taldeak antolatuta. 12 urte arteko gazteei begirako jolasak dira, eta herrian zehar egingo dira.
- Moliño Trail bukatu ondoren, sari-banaketa ekitaldia egingo dute, 12:15ean.
- 13:30ean haurren herri bazkaria egingo da, eta 15:00etan helduena.
- 18:00etan, Topaguneak eta Papineko Gazteriak osatzen duten Antxoko Gazte Mahaiaren eskutik, Tapia eta Leturiaren kontzertua izango da Ibaiondoko frontoian.
- Amaitzeko, 20:00etan, kalejira egingo dute Joselontxos txarangarekin.
Eguraldi euritsua iragarrita dagoenez, adi Moliño Trailen sareetara, azken orduko aldaketak egon daitezkeelako.







